Aldi barria hasi dau Bilboko Itsasmuseum-ek

Bizkaie! 2019-06-05 11:55   Kulturea

15. urteurrenagaz bat, izena eta irudia aldatu ditu.

Lorea Bilbao, Jon Ruigomez eta museoko beste kide batzuk, Itsasmuseum barriaren aurrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Itsasadarraren historia eta garapena eta Bilbok itsasoko jarduerakaz izan dituan hartu-emonak gizarteratzea da Itsasmuseum-en helburua, erakusketa iraunkorraren zein aldi batekoen bidez. Zeregin horretan 15 urte bete dituanez, itxurea barritzeko ordua dala uste dabe bertako arduradunek, berezko nortasuna topau eta Bilboko erreferente kultural bihurtzeko.

Izena bera be aldatu deutsie: Orain arte Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa izen luzea Itsasmuseum bihurtu dabe. Baina izenagaz haragoko aldaketea izatea nahi dabe bertako arduradunek. Gaur egungo ingurune digitalera egokitzeko, webgune modernoagoa estreinau dabe, eta gailu eroangarrietatik bertara sartzea errazagoa izango da. Irudi korporatiboa be barria da.

Gaurkotzeko ahalegin hau ez da bat-batean egindakoa, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko jarduneko Kultura diputaduak eta Jon Ruigomez museoko zuzendariak agerraldi baten azaldu dabenez. 2017an ekin eutsien museoko instalazinoak eta eskaintzea gaur egungo beharretara egokitzeari. Prozesu horren barruan sortutako idea batzuk be aitatu ditue, esate baterako, kostaldean udalekuak antolatzea eta itsasertzeko beste eragile batzukaz sinergiak bilatzea.

Horri guztiari esker, Itsasmuseum-ek aldi barria hasi nahi dau, berezko nortasuna eta erreferentzialtasuna ekarriko deutsazana. Hemen zein nazinoartean eskaintza kulturalaren ardatzean egotea da asmoa. Jente gehiago erakartea be aurreikusi dabe, gaur egungo urteroko 55.000 bisitarietatik 78.000 ingurura pasetako.

Aro barria hasteko, aldi baterako erakusketa barria zabaldu dau Itsasmuseum-ek, Gyotaku zuzena izenekoa. Azti-Tecnaliako itsas-ikerlari José María Ferariosek eta José Abel artista plastikoak egin dabe bat egitasmo hau sortzeko. Japoniako teknika zahar baten oinarrituta, arrain artistikoak inprimidu ditue tinta eta papela erabilita, benetako arrainak trokeltzat hartuz. Urriaren 4ra arte egongo da erakusketea Itsasmuseum-en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu