Kultura aniztasuna erakutsiko dau 2019ko Araba Euskerazek

Bizkaie! 2019-06-05 08:08   Euskerea berbagai

Lau gune izango ditu Armentia Ikastoleak antolatutako ibilbideak.

Armentia Ikastolan aurkeztu ditue ibilbidea eta egitaraua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 16an, Gertu lemapean, egingo dabe 2019ko Araba Euskeraz, herrialde horretako ikastolen jaia. Gasteizko Armentia Ikastolea da aurtengo antolatzailea, eta, hortaz, Arabako uriburuko kale zein parkeetatik atondu dabe ibilbidea.

Lau gune nagusi egongo dira: Armentia Ikastolea, Prado parkea, Mineral eta Armentiako landak. Danetariko jarduerak egongo dira gune bakotxean, publiko eta edade guztiek ondo pasau deien. Esate baterako, ikastolako gunean, Euskal Herriko ikastoletako ikasleentzako Erronka probea egingo dabe. Horrezaz gan, musikea, magia, herri bazkaria eta abar be iragarri ditue.

Beste hiru guneetan be egongo da zer egin. Jantzea eta bertsoak izango dira Prado parkeko egitarauko protagonistak, Potx eta Lotx pailazoak ahaztu barik. Mineralen, artisauen eta Eusko Labelen azoken eremuak egongo dira, eta musikea be ez da faltauko, Osterabe, Iont eta Wood String taldeen eskutik. Olatz Pagaldaik bakarrizketea egingo dau. Azkenik, Armentiako landetan, zumbea eta munduko musikak entzun ahal izango dira. Bertoko taldeen artean, Joselu Anaiak eta Ze Esatek! aitatu leitekez.

Aurtengo Araba Euskerazen helburu nagusietako bat Gasteizko askotariko kulturen lagina erakustea da. Kultura eta jatorri askotako biztanleak dagoz urian gaur egun, eta ikastolek errealidade horri erantzun behar deutsiela nabarmendu dau Ikastolen Alkarteak egitarauaren aurkezpenean, aniztasun hori euskal kulturearen aberasgarri dalako. Hortaz, jai parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala izango da.

Hain zuzen be, bagilaren 16an batutako diruagaz, beka sistemea sortuko dau Armentia Ikastoleak, Gasteizko familia guztiek aukerea izan deien proiektuagaz bat egiteko, euren egoera ekonomikoa edozein dalarik be. Armentia Ikastoleak irakaskuntza inklusiboago batera jo nahi dau, baina beste helburu batzuk be baditu Araba Euskerazek: Hezkuntza proiektua indartzea eta kirol instalazinoak hobetzea.

Egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu