Diskoa plazaratu dabe Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek

Bizkaie! 2019-06-04 09:05   Musikea

Alaia eta nostalgikoa da Bizirik dauden eskuak.

Neba-arrebak ez eze, oholtza ganeko bikotea dira aspalditik Agurtzane eta Ion Elustondo. Bizirik dauden eskuak izeneko hau bigarren diskoa dabe, eta Elkar argitaletxearen eskutik ikusi dau argia. Euren ingurune naturala erromeriak dira, hantxe topauko doguz neba-arreba biak, soinua eta panderoa lagun, jairik jai. Agertokiko doinuak diskora ekarri ditue oraingoan, proiektu honetarako sortutako 16 kantuen bidez.

Agurtzane Elustondok idatzi ditu sei konposizino, ganerakoak Martin Aginagaldek sortuak dira. Berbak idazteko, bertsolari eta letragile ezagunakana jo dabe. Batetik, musikari bien ahizta eta arrebea dan Nerea Elustondogana, hainbat kantutako berbak harenak dira. Bestetik, Jon Sarasua, Xabier Amuriza eta Asier Iriondo be ibili dira zeregin horretan.

Bizirik dauden eskuak Elustondo neba-arreben estiloaren erakusgarri dan arren, beste musikari askoren ekarpena be badago: Michel Longaron (bateria eta perkusinoa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Xabier Zeberio (biolina), Jose Maria Santiago Motriku (panderoa), Gotzone Sestorain, Pilar Aresti (irrintziak) eta Xabier Berasaluze Leturia (panderoak eta kriskitinak) entzun leitekez disko barrian.

Euren zuztarrak erakustea eta lehenego trikitilariei omenaldia egitea izan da diskoaren helburuetako bat. Lehengo eta oraingo trikitixea buztartu nahi izan ditue. Jazoera bik eragina izan dabe Bizirik dauden eskuak-en sorreran. Batetik, Iñaki Garmendia Laja hil zan urte hasieran, soinujole ezagunenetako bat eta gazte askoren maisua. Bestetik, Kepa Junkera, trikitixa garaikidearen izarra, geldirik dago azkenaldion, osasun arazoak dirala eta.

Horregaitik, trikitixearen berezko alaitasuna eta aurreko denporetako nostalgia batzen dira disko bakarrean. Elustondo neba-arrebek adierazo dabenez, emozino kontrajarriak izan arren, alaitasuna eta nostalgia aldi berean transmitiduten ditu lan barriak.

Aurkezpena Donostian: Elkarreko Anjel Valdes, Agurtzane Elustondo eta Ion Elustondo (argazkia: Gaizka Peñafiel)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu