Pechakucha, Durangon, aurkezpen laburrak gazteen kultur bizipenak eta egitasmoak ezagutzeko

Bizkaie! 2019-05-23 11:57   Kulturea

Pechakucha norbere ideak modu bizkor eta originalean gainerakoei aurkeztea ahalbidetzeko formatu bat da.

Gerediaga Elkarteak datorren asterako, maiatzaren 30erako, Pechakucha saio barria antolatu dau. Orain arte antolatutako laugarrena izango da. Durangoko Udalaren eskutik, Euskal Jaiak egitarauaren barruan egingo dira aurkezpen laburrak.

Pechakuchak japoniarrez barriketea esan nahi dau. Pechakucha norbere ideak modu bizkor eta originalean gainerakoei aurkeztea ahalbidetzeko formatu bat da. Ideak alkarbanatzea, proiektuak erakustea eta horreei buruzko hartu-emon nahiz barriketaldi bat bultzatzea izaten dira pechakucha saioen helburua. Aurkezpen sortzaileak izaten dira, irudietan oinarrituta, 20 segunduro irudi bat erakutsiz, guztira, 20 irudi; horregaitik 20x20 ikurragaz irudikatzen da sarri.

Maiatzaren 30ean, iluntzeko 20:00etan, izango dira aurkezpen laburrak Durangoko Andra Mari eleizpean. Honako bost aurkezpen izango dira:

- Leire Unzueta – Argazkilaria. Natura eta bidaia argazkilaria da. Euskal Herriko basoetatik hasi eta munduan zehar ezagututako lekuen argazkiak aurkeztuko ditu, furgoneta eta senarra lagun, azken hamar urteetako paisajeak gogoratuz.


- Rush – Freerunner. Kultura urbanoan sartuko gara. Parkour frantsesezko ibilbidea da eta horretan dabizenei traceurs esaten jake. Freerunnerrak, barriz, akrobaziak nahiago ditue. Durangaldean New-Gen batzen dira gazte freerunnerrak.


- Keep Real Kulturea. Euren esanetan esperientziarik bako gazte bik sortutako erropa marka bat da. Hiru urte eta gero, ondo dakie zer nahi daben eurentzat eta euren ikusleentzat: giro ona eta baloreak.


- Usue Egia – Ilustratzailea eta hezitzailea. Mundua beste perspektiba batetik ikusten eta ilustrazinoaren bitartez adierazoten saiatzen da. Gai sozialak eta zentzunik bako umorea jorratzen ditu bere lan gehienetan. Istorioak kontetea gustoko dau.


- Iñaki Etxezarraga 'EtxE' – Musikaria. Musikan zelan hasi zan eta 15 urtetik gorako ibilbidea zelakoa izan dan kontauko dau. Gaur egun musikea zelan bizi dauen eta egungo euskal musikearen egoera be berbagai izango ditu. Amaitzeko, pare bat kantu be eskainiko ditu.


Kontuak kontu, Gerediaga Alkarteak munduan zehar ezaguna egin dan formatua Durangaldera ekarri eta eskualdeko gazte sortzaileen lanak eta proiektuak ezagutzeko egitasmoa abiatu eban 2017an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu