Ipar Amerikako euskal alkarteek batzarra egingo dabe astegoienean

Bizkaie! 2019-05-23 08:05   Euskaldunak munduan

Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larraza be joango da ekitaldira.

Ipar Amerikako euskal etxeak eta erakundeak batzen dituan NABO alkarteak urteroko batzarra egingo dau astegoienean, maiatzaren 25ean eta 26an, Kaliforniako Bakersfield urian. 1979tik urtero egiten dabe biltzarra, aldi bakotxean uri baten. Euskal diasporako taldeek alkar ezagutzea eta jai giroan ondo pasetea dira helburuak.

NABOren urteko batzarrak, ganera, Bakersfieldeko euskal jaialdiagaz bat egingo dau, Kern Countyko Euskal Klubaren 75. urteurrenean. Hortaz, jarduera ugari antolatu ditue bertaratzen diran amerikar-euskaldunentzat: mus txapelketak, jantzaldiak, kontzertuak... Mikel Markez, Julen Alonso, Andrea Bidart eta Luhartz egongo dira oholtzan, besteak beste.

Ekitaldiakaz bat eginaz, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza Bakersfieldera joango da, biltzarrean parte hartzeko eta euskal-amerikarren erakunde batzukaz batzartzeko. NABOgaz beragaz, hitzarmena sinatuko dau Etxeparek, irakasleen prestakuntzarako topaketea antolatzeko asmoz. Euskara Munduan programearen inguruko informazinoa be emongo deutse Larrazak Bakersfielden batutakoei.

Amerikan dagoala aprobetxauta, Etxepareko zuzendariak hitzordu gehiago lotu ditu NABOren jaia amaitu eta geroko egunetarako. Batetik, Institutuak Kaliforniako Los Angelesko (UCLA) eta Santa Barbarako (UCSB) Unibersidadeetan dituan euskal kulturako irakurleakaz batzarra egingo dau. Bestetik, California State University Bakersfield (CSUB) eta Kern Countyko Euskal Klubeko ordezkariakaz batuko da. Azkenik, 2020ko Boiseko Euskal Jaia antolatzen dabizanen barri be izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu