Eneka Fernandez eta Raisa Alava artistek egonaldia egingo dabe Wroclawn

Bizkaie! 2019-05-22 08:06   Kulturea

Auto-edizinoagaz lotutako proiektu bana sortuko dabe, AIR Wro programearen bidez.

Erdian, Eneka Fernandez eta Raisa Alava; alboetan, Etxepareko Imanol Otaegi eta Irene Larraza (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Seigarren urtez, euskal artista eta sortzaileentzako egonaldiak antolatu ditue Poloniako Wroclaw urian, Etxepare Euskal Institutuak jakitera emon dauenez. Gogoan izan behar da, 2016an, Europako Uriburu Kulturala izan zala Wroclaw, Donostiagaz batera. Horregaitik, 2014tik, lankidetzan dabiz hango eta hemengo eragileak. Aurtengo egonaldi artistikoetarako, artista bi aukeratu ditue: Eneka Fernandez eta Raisa Alava.

AIR Wro programearen helburua da kulturan eta artean dabizan sortzaile europarren lana lagundu eta sustatzea; batez be, euren lana uri-identidadea eta kultura kontzeptuen ingurukoa bada. Egonaldi artistikoon bidez, uri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak sustatu nahi ditue.

Honenbestez, Eneka Fernandez pasaitarrak sei asteko egonaldia egingo dau Wroclawn, uriko auto-edizino eszenearen mapea egin, arazoak identifikau eta urtenbideak bilatzeko topaketa bat antolatzeko helburuagaz. Egitasmo hori Fernandezen egonaldia baino gehiago luzatu leiteke, urian auto-edizinoan dabizan eragileentzako tresna erabilgarria bihurtu ezkero.

Raisa Alava, ostera, hogei egunez baino ez da egongo Poloniako urian, study visit edo ikerketarako bisitaldi dalako bat egiten. Horren barruan, egun biko tailerra gidatuko dau. Batez be, komikigintzea auto-edizinoaren munduan landuko dau artista arabarrak.

Beraz, euskal sortzaile biek auto-edizinoaren inguruko proiektuak landuko ditue Wroclawn. Izan be, AIR Wro ekimenaren aurtengo gai nagusia horixe izango da, auto-edizinoaren laborategia lemapean. Auto-edizinoa gero eta praktika zabalagoa da Europako uri modernoetan; guztiz lotua dago diseinu grafikoan, narrazino alternatiboan eta D.I.Y. proiektuetan dabizan artisten lanagaz. Fernandez eta Alavagaz batera, Alemaniatik joandako Irene Melix artisteak be hartuko dau parte egonaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu