Durangoko XXII. Euskal Jaiak barikuan hasiko dira

Bizkaie! 2019-05-21 12:20   Kulturea

Berrogei ikuskizun eta jarduera baino gehiago dagoz hilabeteko egitarauan.

Erakunde publikoetako eta kultur alkarteetako ordezkari ugari egon dira aurkezpenean (argazkia: Durangoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Udalak eta herriko alkarte eta taldeek 22. urtez jarraian antolatu ditue Euskal Jaiak, euskal kulturea plazara atera eta taldeek antolatutako ekitaldiak egitarau bakarrean batzeko asmoz. Aurtengo edizinoa hilabete ingurukoa izango da, maiatzaren 24tik bagilaren 23ra.

Hurrengo asteetan, hortaz, egitarau bete-betea egongo da Durangon. Kulturea, folklorea eta euskerea lantzen dituen 28 alkartek egin dabe bat Euskal Jaiagaz, eta danen artean berrogei jarduera inguru antolatu ditue. Barikuan ekingo deutsie, pintura lehiaketearen erakusketeagaz eta pilota partiduakaz.

Nobedadeetako bat maiatzaren 30eko PechaKucha saioa izango da. Artistek eta sortzaileek euren burua aurkezteko saio arinak izaten dira PechaKucha izenekoak. Durangon, bost lagunek euren burua aurkeztuko dabe, hogei segunduan behin irudi bat erakutsita. Leire Unzuetak, Parkour alkarteak, Keep Real proiektuak, Usue Egia diseinatzaileak eta Etxe musikariak hartuko dabe parte.

Berbaldi, txapelketa, erakustaldi eta abarren artean, ezin da ahaztu XXXVI. Euskal Jantzen Jaialdia, tradizino handiko ekitaldia da eta. Aurtengo edizinoa bagilaren 1ean eta 2an egingo dabe, Andra Mariko eleizpean. Durangoko Tronperri taldeagaz batera, Muskildi, Donostia, Tafalla eta Gasteizko ordezkariak be etorriko dira.

Aitatzekoa da, ganera, Durango inguruko mendi eta parajeetara ibilaldi bat baino gehiago antolatu dituela. Maiatzaren 26ko Mugarri Egunean, 8 kilometroko bidea egingo dabe, eta bagilaren 7an, GR Mikeldiren 6. etapea egitera konbidauko ditue herriko edadekoak. Bagilaren 22an, Durangaldeko ermitetatik egingo dabe txangoa.

Aurtengo egitaraua Akelarre ikuskizunak eta San Juan suak biribilduko dabe, bagilaren 23an. Kriskitin eta Herria taldeak arduratuko dira berau antolatzeaz. 60 jantzari, musikariak eta abesbatzetako kideak izango dira saio ikusgarri horren parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu