Markel Azkuek eta Nagore Etxebarriak irabazi ditue euskerazko proiektu onenei sariak

Bizkaie! 2019-05-21 10:29   Kulturea

Danetara, 582 proiektu aurkeztu ditue; horreetatik 187 euskeraz egin dira, hau da, % 32.

Erdian, Markel Azkue eta Nagore Etxebarria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mondragon Unibersidadeak eta Mondragon Korporazinoak euskeraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak emon ditue Mondragonek Arrasaten dauen egoitza nagusian. Mondragon Unibersidadeko proiektu bi saritu dira, biak Goi eskola Politeknikokoak. Lehen sariaren irabazlea Markel Azkue Etxeandia izan da, Ikerlanentzat egindako Aplikazino industrialetarako energiaren biltegiratze-sistema hibridoen analisia lanagaitik eta 1.500 euroko saria jaso dau. Bigarren sariaren irabazlea Nagore Etxebarria Altuna izan da, FAGOR Arrasaterentzat egindako proiektu honengaitik: Formatu kargatzailea eta elikapen lerroa buztartzen dituan prentsa baten elikapen sistemearen diseinua; kasu honetan, 500 euroko saria emon deutse.

Sariok orain zortzi urte sortu ziran, Mondragon Korporazinoko Euskera Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibersidadeko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskeraz egin eiezan. Mondragon Korporazinoak erronka hori jasoa eban bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu eban, Korporazinoko eta Unibersidadeko kideez osotua, sariak abian jarteko. Holan, fakultade bakotxeko ordezkari bik eta Korporazinoko batek osotutako epaimahaiak Korporazinoko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu ditue.

Danetara, 582 proiektu aurkeztu ditue Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean; horreetatik 187 euskeraz egin dira, hau da, % 32. Mondragoneko kooperatibetan 120 proiektu landu dira eta bertan euskerazko 22 proiektuek parte hartu dabe lehiaketan. Aurkeztutako proiektu guztiak maila tekniko handikoak dira, eta euskaraz ondoen idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osotzen daben fakultade bakotxeko kideak ondokoak izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintzea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazinoa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazinoa emon eta saridunak aukeratzeko orduan.


Saridunak

- Lehen saria: Markel Azkue Etxeandia (Goi Eskola Politeknikoa). Proiektuaren izena: Aplikazino industrialetarako energiaren biltegiratze-sistema hibridoen analisia. Laburpena: Gaur egun, elektromobikortasunaren eta energia barriztagarrien hazkundea dala eta, energia eta potentzia-eskakizun handiko aplikazino barriak agertu dira. Orain arteko biltegiratze-sistema gehienek zailtasunak ditue aldi berean energia eta potentzia-eskaerak asebeteteko. Lan honetan, Li-ioi bateriaren eta EDLCaren arteko HESS erdi-aktiboaren diseinua eta garapena azaltzen da, bai eta sistema biak buztartzeak ekarri leikezan onurak aztertu eta simulau be.

- Bigarren saria: Nagore Etxebarria Altuna (Goi Eskola Politeknikoa). Proiektuaren izena: Formatu kargatzailea eta elikapen lerroa buztartzen dituan prentsa baten elikapen sistemearen diseinua. Laburpena: Proiektu honek elikapen lerroa eta formatu kargatzailea buztartzea zehaztu eta ezartzea da, bezeroak zehaztutako eta elikapenean eragina daben 12 aldagaien konbinazino ezbardin guztietarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu