Euskaltzaindiak eta Euskal Bikoiztaileen Alkarteak hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2019-05-21 08:07   Euskerea berbagai

Bost urterako akordioa da.

Iñaki Beraetxe, Andres Urrutia eta Xabier Alkiza, akordioa sinatzen (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ez dira sasoirik oparoenak euskerazko bikoxtaileentzat, eta horregaitik, alor horretako profesionalak batzen dituan BIEUSE alkarteak pozik hartu dau Euskaltzaindiagaz sinatutako hitzarmena. Iñaki Beraetxe BIEUSEko lehendakariak adierazo dauenez, Euskaltzaindiak gure asmoakaz eta helburuakaz bat egiteak hauspoa emoten deusku gure eskubideak aldarrikatzeko eta euskal bikoxketea bultzatzeko eta sustatzeko.

Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskal bikoxtaileen ekarpena autortu dau, askotariko produktuak euskal hiztunei hurreratzeko ezinbestekoa dalako. Ekarpen hori hainbatetan oso lan-baldintza prekario eta gatxetan egin ohi dabe, eta horrexegatik da azpimarragarriagoa egiten daben ekarpena eta erakusten daben engaiamendua, ganeratu dau Urrutiak.

Bost urterako hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta BIEUSEk, baina lankidetzea luzerako izateko asmoa dabe erakunde biek. Izan be, Andres Urrutiaren esanetan, euskerazko bikoxketea ezinbestekoa da hizkuntzearen normalizazinoan. Bikoxtaileek egiten daben lana ikusiarazoteko ahalegina egingo dau Euskaltzaindiak. Horrezaz gan, honeek adostu ditue, besteak beste:

- Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarririko arauak eta gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartzen dabe erakunde biek.

- BIEUSEk eguneroko jardunean sortzen dituan materialetan, eta antolatzen dituan ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza-zerbitzu, aurkezpen eta euskereagaz loturiko egitasmoetan be bai, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilereari buruzko erespideak aintzat hartu eta horreek zabaltzeko moduak landuko ditu.

- BIEUSEk Euskaltzaindiari egingo deutsaz gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerearen inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horreei erantzuna emongo deutse.

- Erakunde biek euskerearen ezagutzan, erabileran, zabalkundean zein kontzientziazinoan egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dabe, batez be, bikoxtaile euskaldunen inguruabarrakaz lotutakoak.

- Euskaltzaindiak bere egoitzea zein ordezkaritzak eskaintzen deutsaz BIEUSEri, adosten dituen jardueretan baliatzeko.

- Euskaltzaindia garatzen dabilen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, BIEUSEk argitaraturiko euskerazko testu-moltsoaz baliatzeko adostasuna agertu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu