Garaizarko Matsorriak abesbatza Suediara

Bizkaie! 2019-05-20 10:35   Musikea

Götheborgen, Gernikako Arbolaren kimu baten landatze ekitaldian hartuko dabe parte.

Maiatzaren 25ean, zapatuan, Garaizarko Matsorriak, Begoñako Errepublika Zaharreko Abesbatzak, Suediara egingo dau bidaia. Astean zehar hainbat kontzertu eskainiko ditu Götheborgen, Stockholmon eta Upsalan.

Domekan, maiatzaren 26an, Bizkaiko Batzar Nagusiek emondako Gernikako Arbolaren kimu baten landatze ekitaldian hartuko dau parte. 1941eko bagilean, Götheborgeko uriak Jose Antonio Agirre Lehendakariari eskainitako babesa eta nazien errepresinotik Ameriketara iges egiteko bidea errazteagaitik autortzea eta eskerrak emon nahi deutsoz Garaizarko koralak Götheborg uriari.

Landatze ekitaldia Jonsered Gardens-en egingo da, nekazaritza ekologikoaren eta gizarte erantzukizunaren abangoardian dagozan lorategietan, XIX. mendetik ondare historiko izentautakoak. Lorategi horreetan, udalak proiektu berezia dauka eta bertan hainbat gaztek aukerea dabe lan-merkatura hurreratzeko lorategietan lan eginez.

Landatze ekitaldiari amaiera bikaina emoteko, euskal folkloretik jasotako piezak abestuko ditue matsorriek bertaratuko diran uriko agintari eta herritarrentzat.

Jonsereds Trädgårdar lorategian landatuko da Gernikako Arbolaren kimua domekan, maiatzaren 26an.

Astelehenean Stockholmera joango dira, eta maiatzaren 28an, martitzenean, Skeppsholmen Herri Eskolan ospatuko dan Abestien Jaialdian parte hartuko dabe.


Kontzertua Stockholmeko Sankt Erik eleizan

Maiatzaren 29an, Stockholms Manskör eta Sangsällskapet DS bertako abesbatzakaz, Sankt Erik eleizan eskainiko dan kontzertuan hartuko dabe parte begoñatarrek; bertan, gure kantutegitik jasotako hainbat pieza abestuko ditue Verdi, Gounod eta Josephsonen lanakaz batera. Miren Zubieta, Garaizarko Matsorriak-eko zuzendariak eta Hakan Sund, Stockholms Manskör taldeko zuzendariak, Luis Aranbururen Kontzertua Re menor-en joko dabe txistua eta pianoa erabilita.

Eguenean, Asentsio jai egunaz gozau ondoren, barikuan Upsalara joango dira. Eskandinaviako unibersidaderik zaharrenera. Bertan entzunaldi bat eskainiko dabe, zapatuan Bilbora itzuli aurretik.


Begoñako Garaizako Matsorriak

Garaizarko Matsorriak abesbatzak 32 urte bete ditu. 1987ko martxoaren 26an Begoñako Errepublika zaharreko Garaizar auzoan sortu zan, José Luis Etxebarria Txelu-ren eskutik eta zuzendaritzapean. 2008 urtetik, Miren Zubieta Egia da zuzendaria.

Errepertorio zabala dute: euskal fokloretik aukeratutako kantak, bilbainadak, musika erlijiosoa eta nazinoartetik jasotako abestiak.

Urtean zehar hainbat kontzertuetan parte hartzen dabe matsorriek. Kaleko animazinoan, auzoko jaietan, txikiteo koralean, gabonetan oles egiten, ospakizunetan, Begoñako astean, Bizkaiko udabarriko emonaldietan eta bestelakoetan jardutea maite dabe.

Euskal Herritik kanpo be ibilten dira, Catalunyan, Frantzian, Italian, eta Espainiako hainbat lekutan ibili dira kantari. Aurten, maiatzaren azkenengo astean, Suediara doaz. Götheborgen, Stockholmen eta Upsalan kantetako amesagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu