Juan Ignacio Pérez Iglesias: 'Oinarrizko ezagutza zientifiko barik, erraz engainetan gaitue'

Dabi Piedra 2019-05-20 08:03   Barriketan

EHUko Kultura Zientifiko Katedrako zuzendaria.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria emongo deutsie Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, Humanidadeen, Kulturearen, Arteen eta Gizarte Zientzien alorrean daukan ibilbide oparoagaitik. 1985ean ikertzaile hasi zanetik, unibersidadeari lotuta agertu da beti bere izena, batez be, EHUri. Euskera errektoreorde urte batzuk egin eta gero, 2004tik 2008ra EHUko errektore izan zan. Animalien fisiologia da bere espezialidadea.

Gaur egun, zientziaren dibulgazinoan dabil, 2011tik EHUren Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da eta. Holan, lanbidea eta pasinoa buztartu leikez. Zientzia gizarteratzeko jarduera ugari martxan jarri ditu Katedrearen bidez, esate baterako, Bizkaia Zientzia Plazea ekimena eta Zientzia Kaiera eta Mujeres Con Ciencia interneteko hedabideak.

 

1.- Zer pentsau zenduan saria emongo eutsuela jakitean?

Poz handia hartu neban. Banekian hautagaien artean nengoala, baina halakoetan inoz ez dakizu zelako aukerak dozuzan. Asko poztu ninduan epaimahaiak emondako arrazoia: Kultura zientifikoa zabaltzea oso inportantea dala nabarmendu eban, eta nik ia hamar urte daroadaz horretan. Kultura zientifikoa kulturearen parte integrala danez, ezin dogu bazterrean itxi, idea hori babesten dot nik. Jente asko poztu da saria emon deustelako, zoriondu eta animau egin nabe, eta hori be bada gustura egoteko arrazoia, baina maila personalago baten.


2.- Ibilbideagaitik emon deutsue saria. Irakasle, ikertzaile, euskera errektoreorde, EHUko errektore, dibulgatzaile... izan zara. Unibersidadera heldu zinanean pentsau zenduan horrenbeste gauza egingo zenduzala?

Ez, ezta gitxiago be. Biologia ikasteko unibersidadera heldu nintzanean, uste neban institutu baten natur zientzietako eskolak emoten lan egingo nebala; edo, suberte apur bategaz, biologoa edo antzeko zeozer izango nintzala. Baina gero ikerketan laguntzen hasi nintzan, beka bat emon eusten, doktore tesia egin neban... eta holan hasi nintzan bide luze honetan. Nire ibilbideak hiru aldi desbardin izan dituala esaten dot nik beti: Hamaika urte inguruan izan nintzan ikerlari, gero beste hamaika inguru unibersidadeko administrazinoan pasau nebazan, tartean errektoretzan; eta azken urteotan Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria naz.


3.- Zientziaren barruan, animalien fisiologia ikertu dozu gehien. Betidanik izan dozu zaletasuna?

Egia esan, kasualidadez hasi nintzan. Ikasle nintzanean baneukan interesa animaliakaz, baina ez oraingo beste, biokimika zaleagoa nintzan. Norberaren alorra aukeratzerakoan, sarritan, irakasleek eragin handia izaten dabe. Nik irakasle bat euki neban, oso ona, eta harek eroan ninduan animalien fisiologiaren mundura. Zenbat eta gehiago sakondu, gehiago gustetan jatzu gai bat. Errektore nintzala, animalien figuren bildumea egiten hasi nintzan, mundu osotik ekarritakoak. Orain fakultadeko bulegoan daukadaz, 200 irudi inguru dira, eskuz eginak.


4.- Kultura zientifikoa zabaltzea da zuk zuzentzen dozun katedrearen helburua. Zergaitik da inportantea kultura zientifikoa gizarteratzea?

Lehenik eta behin, kultureak gizartea aberasten dauelako. Ganera, zientziaren kasuan badago beste arrazoi bat, hau da, zientziak eta teknologiak inguratzen dabe gizartea. Hortaz, era horretako gizarte bateko jenteak zientzia eta teknologiaren oinarrizko ezagutzarik ez eukitea arriskutsua da. Ezagutza barik manipulazinoari zabalik geratzen gara, erraz engainatzen gaitue. Horrezaz gan, erabagi txarrak hartu leitekez, bai kolektiboak eta bai personalak. Esaterako, erraustegia ipini behar da ala ez? Energia nuklearra egokia da? Transgenikoen alde ala kontra? Erantzuteko erespide zientifiko batzuk behar doguz. Baietz edo ezetz esatea norberaren kontua da, baina inportantea da aukera hori egitea jakinda zertaz gabizan berbetan. Eguneroko bizimoduan be, ze yogur erosi jakiteko, oinarri zientifiko minimo bat izatea lagungarria da. Yogur saltzaileek esaten deuskunaz fidatzen bagara, bape zentzun kritiko barik, engainatu egingo gaitue.


5.- Gizarte kritikoa aldarrikatzen dozu, beraz.

Erespide egokiak euki ezkero, erabagiak oinarri sendoei esker hartuko doguz. Uritartasun demokratiko baterako baldintzea hori da nire ustez, benetan herritar arduratsuak bagara, hartuko doguzan erabagiak libreagoak izango dira.


6.- Kultura zientifikoagaz lotutako jakintzak sarean zabaltzeko ohiturea dozu. Arreta gehiago jarri behar jako interneti?

Bai, baina ez dakit noraino dan hori ikertzaileen lana. Erakundeek hartu behar dabe dibulgazinoaren ardurea, sarearen bidez edo beste medioetatik. Euren laborategietan eta ikerketetan egiten dana zabaltzen eta gizarteratzen ahalegindu behar dira erakundeak. Gaur egun, internet oso inportantea da, 55 urtetik beherako jentearen artean batez be. Hor ez bagagoz, guzurrak sortzen dituenek hartuko dabe espazio hori. Fake news eta halakoak sarri aitatzen dira orain, ba horreek irabaziko dabe sarean guk ez badogu jakintzea zabaltzen, ze hareek bai, oso aktiboak dira interneten.


7.- Giro erdaldunean hazi zinan, baina unibersidadean euskerea kontuan hartu dozu beti.

Ni Salamancan jaioa naz, bederatzi urtegaz etorri nintzan Bizkaira. Euskerearena beste kasualidade bat da, ze Portugaleteko institutuan, 45 ikasletik bi baino ez ziran euskaldunak, eta ez eben euskeraz egiten, giroak ez ebalako hori errazten. Unibersidadera joan nintzanean konturatu nintzan ha ez zala normala, euskaldunak gehiago zirala. Euskaldunen artean lagunak egin nebazan, eta ez neutsen ulertzen euren artean berba egiten ebenean. Ikasi egin neban, gero animau egin nintzan, eta tesina euskeraz egiten hasi nintzan. Neu izan nintzan biologia arloko euskerazko lehenengo tesia egin ebana. Ia konturatu barik, artikuluak, libururen bat... euskeraz idatzi nebazan, euskera errektoreorde be izan nintzan eta EHUn Euskerea Normalizetako II. Plana diseinau neban. Kultura Zientifikoaren Katedran, Zientzia Kaiera izeneko webgunea sortu genduan, zientzia euskeraz azaltzeko.


8.- Euskerazko dibulgazino zientifikoa ze egoeratan ikusten dozu?

Gero eta baliabide gehiago dagoz. Egia da aspalditk egon dirala tresnak, adibidez Elhuyar alkartea eta aldizkaria. Unibersidadean be hainbat gauza egiten dira euskeraz, Zientzia Astea, adibidez. Katedrea sortu zanean erabagi neban unibersidadeko medio bat behar genduala euskeraz, eta urteak daroaguz Zientzia Kaiera egiten. Nik orain ez daukat horren ardurea, beste batzuek daroe. Gaur egungo beste ez da inoz idatzi euskeraz, dibulgazino zientifikoaren arloan, internetek lagundu dau horretan, errazagoa eta merkeagoa dalako.


9.- Errektore izan zinaneko sasoia zelan gogoratzen dozu?

Errektorea nintzan bitartean, nik lan normaltzat neukan, lan gogorra bai, baina besterik ez. Oraingo ikuspegitik, konturatu naz sasoi gogorra izan zala, arazo asko euki nebazan. Ni hasi nintzanean % 10eko zuloa topau neban EHUko kontuetan. Zulo hori desagerrarazoteko Jaurlaritzeagaz egin genduan negoziazinoa ez zan bape erraza izan, agintaldi osoa baldintzatu eban. Horregaz lotuta, irakasleen grebak egon ziran, ikasleen mobilizazino ugari egon ziran, batzuk oso gogorrak. Horregaz guztiagaz batera, kudeaketa normala ezin zan ahaztu, ikerkuntzea bultzatu behar zan... uste dot ondo egin genduala. Bestetik, unibersidadea goitik behera birmoldatu genduan. Araba eta Gipuzkoako campusak barriztau genduzan, baina batez be Bizkaikoa sekulako kirurgia izan zan.


10.- Ondo dakizu zer dan zure lana beti fokupean egotea. Eroso egoten zara halako saltsetan?

Ez jat bape gustetan, egitea toketan bada egingo dot, baina ez da nire gustukoa. Halandabe, badagoz gauza gogorragoak arpegia emon beharra baino. Persona bat bulegora etorten jatzunean eta negarrez hasten danean arazo handi bat daukalako, hori bai gogorra! Unibersidade baten kudeaketea ardura handiz hartu beharrekoa da, batzuetan, inbersino planen bat esku artean eukiten genduanean, gogoratzen dot milioika euroko gastuez egiten genduala berba, eta naturala begitantzen jatan, ez neban gehiegi sufriduten. Legebiltzarreko agerraldietan bai, noz edo noz oso gogorrak izan ziran. Unibersidadean ikasten eben euskal presoen inguruko agerraldi bat ondo gogoratzen dot, estu hartu ninduen legebiltzarkide batzuek.

Nik nahiago dot ideak emon eta beste batzuek egin deiezela, baina Iñaki Goirizelaia nire ondorengo errektoreak esan eustan nire asmoa hori izanda be, gauzak egitea egokitu jatanean, egin egin nebazala. Ez dinot hori meritu legez, normaltasunez bizi izan dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu