25. FANTera 11.300 ikusle joan dira

Bizkaie! 2019-05-14 13:38   Zinemea

Erakusketetara eta Prefant ziklora joandako jentea batu behar jako zenbaki horri.

Publikoak erantzun ona emon deutso Bilboko FANT jaialdiak bere 25. edizinoan egindako ahaleginari. Prefant ziklo luzeagoa, sari berezi gehiago, lankidetzak beste eragile batzukaz... emoitza bikaina emon dau horrek: Jaialdiko proiekzino eta galetara 11.326 ikusle joan dira, igazko edizinoan baino % 5 gehiago. Azken urteotako goruzko jokereari eutsi deutsie, beraz.

Gerora Sail Ofizialeko sari nagusia irabazi dauen The Hole in the Ground filma ikusteko sarrerak, esate baterako, agortu egin ziran. Dobako proiekzinoetan, ostera, bataz beste % 75 bete dira aretoak. Ganerako ekitaldietan, sarrera guztiak saltzear egon dira.

Ganera, zazpi erakusketa antolatu ditue FANTegaz bat eginaz. Horreetara joandako ikusleak gehitu behar jakoz jaialdiko proiekzinoen zifreari. Ganera, 25. edizinoa ospatzeko, ohi baino luzeagoa eta oparoagoa izan da Prefant zikloa, jaialdia hasi aurreko asteetan egiten dana. Horra beste 2.000 lagun inguru joan dira.

Aitatzekoa da, Prefanten barruan, Koldo Serraren 70 Binladens filmaren aurrestreinaldia, Golem-Alhondiga aretoan 512 ikusle batu zituan ezkero. Destroyer pelikulearen aurrestreinaldian be sarrera guztiak saldu ziran.

Ikusleen kopurua ez eze, Bilbora etorritako aktore eta zuzendarienak be gora egin dau. Lee Cronin, David Martín Porras, Jon Mikel Caballero, Joe Penna, Carolina Hellsgärd eta abar egon dira jaialdian, eta baita Panorama Fantastikoa sailean lehiatu diran zuzendari guztiak be. Aktoreen artean, Itziar Castro, Hanna Arterton... etorri dira. Jakina, ohorezko sariak jaso dituen guztiak be Bilbon izan dira: Jack Taylor, Guillermo de Oliveira, Fred Dekker eta J.A. Bayona.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu