J. A. Bayonak Fantastikoaren Izarra saria hartuko dau gaur

Bizkaie! 2019-05-10 13:08   Zinemea

Generoan maisutasuna eta erantzun bikainez betetako ibilbidea aintzatetsi gura dauen ohorezko saria da.

Justo Ezenarro (FANT), J. A. Bayona (Zinemagilea) eta Nekane Alonso (Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak gaur arratsaldean emongo deutso amaierea 25. edizinoari, J. A. Bayona Bartzelonako zuzendariari emongo deutson FANTastikoaren Izarra sariagaz, fantasiazko generoaren barruan maisutasuna eta erantzun bikainez betetako ibilbidea aintzatetsi gura dauen ohorezko sariagaz, hain hain zuzen be. El Orfanato edo Lo imposible lanen zuzendaria komunikabideen aurrean agertu da gaur goizean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak lagunduta, eta amaiera ekitaldian jasoko dau FANT 25en omenaldia, 20:00etatik aurrera, Guggenheim – Bilbao Museoaren auditorioan.

Juan Antonio Bayona (Bartzelona, 1975) zuzendaritzan graduau zan ESCACen eta bertan sari asko irabazitako Mis vacaciones (1999) eta El hombre esponja (2002) film laburrak egin zituan. Irakasle ibili zan ESCACen bertan, eta lan horregaz batera ibilbidea egin eban publizidadean eta bideo musikaletan. Gaur egun, aldian behin egiten ditu holako lanak. Arlo horretan, pop nazionaleko artista esanguratsuenetako batzuekaz egin dau lan, Fangoriagaz, Camelagaz, Enrique Búnburygaz edo OBKgaz, besteak beste; azken horreekaz 2000. urteko klip onenaren Ondas saria irabazi eban. Nazinoartean, Ingalaterrako Q musika aldizkariak 2012ko klip onenaren saria emon eutson, Keane taldearentzat egindako Disconnected piezearengaitik.

2004an, Bayonak Sergio G. Sánchez ezagutu eta harek El Orfanato lanaren gidoia eskaini eutson. Filma txalo zaparradeagaz jaso eben 2007ko Canneseko Zinemaldian, eta berehala kultuko film bilakatu zan mundu osoan. Bayonak Zuzendari Hasibarriaren Goya Saria jaso eban, eta filma urteko txarteldegiko nagusienetakoa izan zan Estaduan.

2010ean, Lo Imposible lanari ekin eutson. 2012an, Espainia estreinau zanean, historia osoko film espainiar onenetako bilakatu zan txarteldegian, 6 miloe ikus-entzule baino gehiagogaz. Nazinoarteko ibilbidean 200 miloe dolar baino gehiago jaso zituan. Filmak Oscar Sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak lortu zituan Naomi Watts protagonistearentzat, eta J.A Bayonak Zuzendari Onenaren Goya Saria irabazi eban 2012an. Lo Imposible filmak kritikearen eta ikus-entzuleen aldetik izandako erantzun onaren ondorioz, Bayonak Kultura Ministerioak emoten dauen Zinematografia Sari Nazionala irabazi eban 2012an.

2014an, Penny Dreadful serieko kapitulu pilotua eta bigarren kapitulua zuzendu zituan AEBetako Showtime telebista katerako. 2015ean, 9 días en Haití zuzendu eban, lankidetzeari eta aukera bat izateko eskubideari buruzko film labur dokumentala, Oxfam Intermónen Sí me importa kanpainearen barruan. Kanpaina horrek garapenerako lankidetzearen garrantzia eta egoera kritikoa preminaz berreskuratu beharra defendiduten ditu. Urte horretan bertan, Laura Jouren lehenengo zuzendaritza lana izan zan No me quites film laburra produzidu eban.

2016an, Un monstruo viene a verme estreinau eban, izen bereko liburuan oinarritutako filma, protagonisten artean Liam Neeson, Felicity Jones eta Sigourney Weaver dituana. Barriro be, filma Espainiako esanguratsuenetakoa izan zan urte horretan, eta 9 Goya sari irabazi zituan, Zuzendari onenarena, besteak beste. 2017an, El secreto de Marrowbone produzidu eban, El orfanato eta Lo imposible lanen gidoilaria izan zan Sergio G. Sánchezek zuzendutako lehenengo lana.

2018an, Juan Antonio Bayonak Jurassic World: Fallen Kingdom estreinau eban zuzendari legez, Jurassic World-en bigarren partea eta Jurassic Park bildumako bosgarrena, produktore nagusi Steven Spielberg dauena. Filma mundu osoan txarteldegian diru gehien irabazi eban hirugarren filma izan zan, 1.300 miloe baino gehiagogaz, Espainiako lehenengoa eta zinemearen historiako hamabigarrena. Urte horretan bertan I Hate New York estreinau eban produktore legez, Gaudí sarirako izentapena lortu eban film luze dokumentala. 2018an, ibilbide osoaren saria jaso eban Malagako Zinemaldian eta Ohorezko Galburua Valladolideko Zinemaldian.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak–FANTek Joe Dante (1946, Morristown, New Jersey) zinemagile estadubatuarrari emon eutson igaz FANTastikoaren Izarra saria. Gremlins edo El chip prodigioso lanen zuzendaria da, besteak beste. 2017an, Barbara Crampton antzezle estadubatuarrak irabazi eban saria.

 

Amaiera ospakizuna

J. A. Bayonari gaur arratsaldean emongo jako saria, Guggenheim Museoan. Ekitaldia Miren Gaztañaga, Ane Pikaza eta María Goiricelaya antzezleek aurkeztuko dabe eta bertan, Au Poste! (FRA, 2018) filma eskainiko da. Quentin Dupieuxek zuzendutako komedia surrealisteak Sitgeseko Zinemaldiko Sekzio Ofizialeko gidoi onenaren saria eta Montrealgo Zinemaldiko ikus-entzuleen saria irabazi ditu.

Beste alde batetik, Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak genero fantastikoan gero eta indar handiagoa hartzen dagoan figurea aintzatesteko Fantrobia Saria emongo deutso gaur arratsaldean Guillermo de Oliveira zinemagile galiziarrari; Desenterrando Sad Hill bere lehenengo film luze dokumentalak Sitgeseko Zinemaldiko Film Onenaren Noves Visions Saria irabazi eta Goya Sarien azken edizinoan Dokumental Onena izateko izentapena jaso eban.

Ekitaldia amaitzean, ospakizun berezia hasiko da Art After Dark programearen barruan, izan be, DJ Carlos Bayonaren txandea izango da, zuzendariaren anaia, eta zinemagileak berak lagunduko deutso musikea jarten.

Aurreko edizinoan legez, FANT 25ean sariak irabazi dituen film guztiak eskainiko dira bihar. hilak 11, Kale Nagusiko BBK Aretoan, saio bitan. Arratsaldeko 18:00retan, Panoramako Film Labur Onena eta Film Luze Onena ikusi ahal izango dira, eta 20:00retan Film Labur Onenak eta Nazinoarteko Film Luze Onena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu