Jekyll eta Hyde, euskeraz irakurgai

Bizkaie! 2019-05-10 11:08   Kulturea

Koro Navarrok itzuli dau Stevensonen nobela ezaguna.

Koro Navarro, itzuli barri dauen liburua eskuetan (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

XIX. mendearen amaierako liburu esanguratsuenetako bat da Robert Louis Stevenson eskoziarraren Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia, bai bere kalidadeagaitik, eta baita bere sasoian eta hurrengo belaunaldietan izan dauen eraginagaitik be. Bildurrezko eta misteriozko nobelea da, estilo gotikoaren eredu eta irakurleari ezinegona sortzen deutsana. 1896an argitaratu zan ingelesezko jatorrizko lana.

Literatura unibersaleko klasiko handi hau euskeraz be irakurri leiteke orain, Koro Navarrok egindako itzulpenari esker. Erein argitaletxeak plazaratu dau. Nobelearen euskerazko hirugarren itzulpena dan ezkero (1990 eta 2004koak dira besteak), aurreko bersinoak baino gaurkotuagoa da hau.

Liburuaren aurkezpenean Koro Navarrok esan dauenez, nobela modernoa da Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia. Abenturearen eta misterioaren azpian, gai ugari lantzen ditu Stevensonek, itzultzailearen ustez: psikiatria, psikoanalisia, sexualidadea... egituraz eta estiloz be kontakizun modernoa dala dino.

Erein argitaletxearen 4na sailean plazaratu dabe liburua. Literatura unibersaleko beste klasiko batzuk be badagoz bilduma horretan, euskeraz. Esate baterako, Kafkaren Metamorfosia, Stevensonen liburuaren antzeko gai batzuk lantzen dituana.

Robert Louis Stevenson 1850ean jaio zan, Edinburgon, eta bere liburu askotako pertsonaien moduan, bizimodu gorabeheratsua izan eban. Ozeano Bareak harritu eban gehien, eta han geratu zan, Samoan 1896an hil zan arte. Abenturetako nobelak idatzi zituan gehienbat, itsasoan eta piraten giroan kokatuak. Esate baterako, Altxor uhartea. Jekyll eta Hyderen istorioa bere ohiko gaietatik urruntzen da zelanbait, baina Stevensonen lan ospetsuenetako bat da, kultura garaikideko erreferente ugariren sorburu izateraino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu