'The Hole in the Ground', 25. FANTeko irabazle

Bizkaie! 2019-05-09 12:41   Zinemea

Euskal film labur onenaren eta ikus-entzuleen sariak Diego H. Katarniuken Amargo en el postre lanarentzat izan dira.

'The Hole in the Ground' film irabazleko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren, FANTen, 25. edizinoko epaimahaiak ageraldia egin dau, aurtengo palmaresaren barri emoteko. Sari nagusia Lee Cronin irlandarraren lehenengo film luzea dan The Hole in the Ground-i emotea erabagi dabe Gary Sherman, Rocío Moreno eta Diana Pañalver epaimahaikideek.

Zuzendaritzan eta gidoian egin dauen lehenengo lan bikainagaitik, eta 90 minutuz ikus-entzulea kezkaz beteta eukitzeko gai dan emakumezko pertsonaia protagonista konplexuaren aurrean erakutsitako sensibilidadeagaitik saritu dabe Cronenen filma, epaimahaiaren arabera. Bagilaren 28an zinema-aretoetara helduko da, FANTeko sari nagusia besapean dakarrela. 

Film laburren atalean, ostera, Carlos Baenaren La Noria saritu dabe 25. FANTen, animazinozko pelikula bat, beraz. Kalidade tekniko bikaina eta istorio zirraragarria eta magikoa eta, aldi berean, atsegina eta hunkigarria dala dino epaimahaiak.

Euskal pelikulen atalean, aitatzekoa da Diego H. Katarniuken Amargo en el postre. Izan be, euskal film labur onenaren saria ez eze, ikus-entzuleen saria be eskuratu dau, laburren atalean. Istorio probokatzailea sortzeko zuzendaritza, gidoi, argazkilaritza, arte zuzendaritza, jantzi eta makilaje sailen arteko konbinazino egokia da Katarniuken lana, epaimahaiaren arabera.

Euskal Aktoreen Batasunak emoten dauen aktore onenaren saria Paola Bontempik irabazi dau, El fin de todas las cosas pelikulan egindako lanagaitik. Euskal Gidoilarien Alkarteak gidoi onenaren saria emoten dau, eta Jon Mikel Caballero nafarraren El increíble finde menguante izan da garailea. 

Beste sari batzuei jagokenez, publikoaren saria, film luzeen atalean, Shinchihiro Ueda japoniarraren One Cut of the Dead-entzat izan da. Panorama Fantastikoa sailean, film luzeen saria Álvaro Pitaren Escombros-ek irabazi dau, eta film laburrena, Marion Renarden Switch-ek. Bestetik, FAS Zineklubaren zuzendaritza barritzaileenaren saria Jon Mikel Caballerorentzat izan da.

Lan sarituen proiekzino bi egongo dira bihar eta etzi, BBK Salan. Panorama Fantastikoa saileko lanak emongo ditue bihar, barikua (18:00); zapatuan (20:00), Sail Ofizialekoen txandea izango da. Sariak banatzeko ekitaldia, ostera, barikuan egingo dabe, Guggenheim Museoan, 20:00etan.

Epaimahaia, sarituen barri emoten

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu