UPV/EHUko Eneko Agirrek Google erakundearen ikerketa sarietako bat irabazi dau

Bizkaie! 2019-05-08 08:07   Pil-pilean

Agirre irakasleak Aitor Soroa irakaslea, Arantxa Otegi ikertzailea eta Jon Ander Campos doktoregaia izan ditu lankide.

Eneko Agirre, argazkiaren eskumaldean eta azterlanean lankide izan dituanak. Argazkia: Nagore Iraola (UPV/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Danetara, 80.000 dolarreko laguntzino ekonomikoa jasoko dau bere adimen artifizialeko ikerketea gauzatzeko, makinakaz Interneten dagoan informazinoari buruz berba egin ahal izateko alkarrizketa sistemak garatzea helburu dauena.

Eneko Agirrek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Informatika Fakultadeko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakaslea eta Ixa Taldea ikertalde eta sortu barri dan HITZ ikerkuntza zentroko kidea danak, Google erakundeak urtero emoten dituan ikerketa sarietako bat jaso dau (Google Faculty Research Awards). Agirre irakasleak Aitor Soroa irakaslea, Arantxa Otegi ikertzailea eta Jon Ander Campos doktoregaia izan ditu lankide azterlanean. Google erakundeak hamabi sari emon ditu hizkuntzearen prozesamenduaren arloan. Danetara, 158 proposamen saritu ditu Googlek (Adimen Artifizialaren esparruko 18 arloetako 910 hautagairen artean), 40 herrialdetako 320 unibersidadek bialduta. Eneko Agirre irakasleak 80.000 dolar jasoko ditu Accessing FAQ and CQA sites via dialogue ikerketarako, hau da, makinakaz Interneten dagoan informazinoari buruz berba egin ahal izateko alkarrizketa sistemak garatzeko.

Gaur egun, bilatzaileen bidez eskuratzen dogu Interneten dagoan informazinoa, Google eta Bing lakoen bidez, eta topau nahi ditugun dokumentu esanguratsuak emoten deuskuez –dino Eneko Agirre irakasleak. Hori aldatzen dago, gure ahotsa ulertzen daben laguntzaile birtualen garapenari esker (Siri, Alexa eta Google Assistant, besteak beste). Aldatzen dagoz makinakaz komuniketako ditugun moduak. Halan da be, gaur-gaurkoz gitxi dira alkarrizketearen bidez eskuratu geinkezan aplikazinoak, neurri batean, makinek ez dabelako hizkuntzearen konplexutasuna ulertzen eta berehala galtzen diralako gure hizkuntzearen anbiguotasunean.

Saritutako proiektuaren helburua hauxe da: adimen artifizialeko tekniken bidez, Interneten dagoan informazinoa laguntzaile birtual horreen bidez eskuratzea; Informazino hori personeagaz ahalik eta modurik naturalenean emotea da erronkea; horretarako, ikertaldeak persona biren arteko alkarrizketa asko eta asko jasoko ditu, berbarako, persona batek galderak egingo ditu eta besteak dokumentu batean datorren informazionan oinarrituta emongo dituan erantzunak. Alkarrizketa horreek eredu automatikoak entrenetako balioko dabe, kapaz izan daitezan beste edozer gairi buruz naturaltasunez erantzuteko.

Nahiz eta proiektua ingelesez egindako alkarrizketetan oinarrituta egon, beste hizkuntza batzuetan be jaso nahi ditugu alkarrizketak. Zehatz esateko alkarrizketak euskeraz jaso ahal izateko boluntarioen bila dabil gaur egun Ixa Taldea. Lagundu nahi izan ezkero, nahikoa da webgunean sartu eta izena emotea. Batutako informazinoan oinarrituta, hainbat lan egitea da asmoa hizkuntzearen prozesamenduko masterrean, azaldu dau Eneko Agirre irakasleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu