'Elkano, Lehen Mundu Birea' trailerra ikusgai

Bizkaie! 2019-05-07 09:35   Zinemea

Estreinaldirako hile bi falta diranean, filmaren trailer ofiziala ikusi hemen.



Malagako 22. Zinemaldia
n harrera bikaina izan ondoren, Angel Alonsok zuzendu eta Dibulitoon Studiok produzidutako Elkano, Lehen Mundu Birea filmaren estreinaldi komertziala zinema-aretoetan garagarrilaren 5ean izango da. Estreinaldirako hile bi falta diranean, filmaren trailer ofiziala ikusi hemen.

Publiko familiarrari zuzendua, filmea planetearen lehen zirkunnabegazinoaren abenturan oinarrituta dago, Fernando de Magallanesen buruzagitzapean hasi eta Juan Sebastian Elkanok amaitutako espedizinoan. Estreinaldiak lehen mundu birearen V. Mendeurrenagaz bat egiten dau.

Joseba Beristain soinu-bandearen egilea da. Musika, sinfonikoa ia erabat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik Fernando Velazquezen zuzendaritzapean eta Donostiako Orfeoiaren 90 ahotsakaz Jose Antonio Sainz Alfaroren gidaritzapean. La Oreja de Van Gogh taldeak urrezko amaierea emon deutso film luzeari Haizeaz fidatu kantuagaz, musika pieza inspiratzaile eta freskoa.

Enrike Solinisek be, aintxinako musikan eta gitarran aditua, parte hartu dau soinu-bandan bere errepertorioko konposizino batzuk filmerako egokituz eta Beristainek sortutako musika pieza jakin batzuk gitarra mueta desbardinakaz interpretauta.


Sinopsia

Inoiz izan dan abenturarik ederrenetakoa: Lehen Mundu Birea, leku berean hasi eta amaitzen dan bidaia zirkularra, baina haren ondoren ezer ez da bardina izango. Historiaren norabidea aldatzeko asmoz timoiari sendo heldu eutsien nabegatzaile biren kronikea da hau. Fernando de Magallanesen aginduetara abiatu baina Juan Sebastian Elkanok, istorio honen benetako protagonisteak, amaitu eban bidaia.

Ekatxak, gosea, tribuak... Sevillatik bost ontzi atera ziran 1519an. Hiru urte beranduago batek lortu eban bueltetea, holan, planetaren biribiltasuna frogatu eban abentura ikaragarri bat amaitzea lortuz. Ezagutzen diran jazoera historikoetatik eta personaietatik abiatuz, Angel Alonso zuzendariak animazino filma sortu dau, ikusle gazteen begientzako sortua, familian disfrutetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu