Txina osoak gura dauen likorea (I)

Zigor Aldama 2019-04-30 12:52   Bidaide

Eta horrek bai, upealako atxurra eragiten dau...

Oraindinio ikusi ez arren, batek badaki sano babestutako Maotaira heltzen zagozala Txinako Guizhou probintziako haran ederrean sartuta. Hamarnaka kilometroren bueltan fermentazino hatsa sentiduten da. Erdigunea hortxe dauka leherketa etilikoak, izan be, Maotai Moutai, Txinako likore nazionalaren egoitzea da. Usainketeak ez badeuskuz dudak argitzen hormigoizko botila etxurako 30 metroko hormatzar batek emoten deutse ondo etorria turistei eta konturatu orduko alkoholdun edari horren munduan sartuko
dira: plazan urre koloreko ontzi edo tina bi dagoz, kale-argiek txinatar edalontzi zaharren antza dabe eta dana dago dekorauta Maotaiko 100.000 lagunen zeregina zein dan erakusten daben objektuakaz.

Herriko hiru distilategiren fusinoaren ostean, 1951. urtean sortu zan eta Kweichow Moutai arroz eta sorgo gorriz egindako baijiu marka bat baino gehiago da. Herrialdetik kanpo hain ezaguna izan ez arren, munduan, burtsan balio handieneko edari alkoholdunak sortzen dituan enpresea da. Akzinoak sei bidar igon dira azken bost urteotan eta enpresako botilak bildumagileen objektu preziatuak izanik kapaz dira dirutza handiak pagetako: 2011ko enkantea baten, 1935eko botila bat 10,7 miloe yuan pagau zituen (1,37 miloe euro).

Moutai Txinako kulturearen ikono be bada, izan be, likore horregaz topa egin eben 1949ko Herri Errepublikearen aldarrikapenean eta aurrerago Zhou Enlai lehen ministroak 1972an harrerea egin eutson Richard Nixon, AEBetako buruari likore hori tarteko zala; momentu bi horreek ondo adierazota dagoz likorearen historia gainbegiratzen dauen museoan. Henry Kissinger Estadu idazkariak be esan eban behin:
Nahikoa Moutai edaten badogu kapaz izango gara arazo guztiei konponbidea emoteko.

Moutai likorea 53 graduko edaria da. Baina Zhou Xianlun produkzinoaren arduradunak dino ez dauela osterik edo biharamonik eragiten. Sekretua Maoitaiko mikroklimea eta erabilitako osogaiak dira: uraska osoak babes berezia izanik, enpresa kutsagarriak ezartzea galarazota dago eta Chishui ibaiko ura eta mikronutrienteetan oso aberatsa dan ura zein haranean landutako sorgoa eta qu, legamia eta urdinduraz egindakoa darabilguz. Produzkinoan nahitaezkoak dira bederatzi destilau eta zazpi fermentazino; beti eskuz egiten dira prozesuok azaldu dau Zhou-k.

Kontuak kontu, ez da harritzekoa oinarrizko Moutaia egiteko bost urte inguru behar izatea eta litro erdiko botilea 1.499 yuan (195 euro) pagau behar izatea. Edari preziatua da eta muga zorrotzak dagoz likorea herritik atarateko; nortasun agiri bakotxeko botila bakarra eroan zeinke eta likorea gordetako 247 eraikinak armadeak babesten ditu: Arazoa da bertako osogaiak erabiliz, herri honetan baino ezin daitekela produzidu aitatu edaria eta, beraz, ezinezkoa da eskabide guztiak asebetea adierazo dau Moutai-ko kudeatzaile Wu Dewang-k. Gure asmoa da urteko 48.000 tonako produkzinotik gora egitea, 56.000 ingurura. Kopuru horretatik gora egitea ezinezkoa da, bestela ekositemea zein produktuaren kalidadea hondatuko geunkezalako dino Wu-k. Moutai baliabide natural urria da. Txinako herritarren erosteko ahalmenean aldaketak egon dira eta likorea herritarren enpresa-kulturearen eredu dala gogoan izanda, beti izango da lujozko produktua adierazo dau.

Enpreseak berak uste dau bere baijiu bikaintasun eta ugaritasun sinboloa dala eta azken hori dala makinatxu bat gorabehera eragiten dituana. Esaera zahar bat dago egoera horretarako: Moutai erosi arren, ez dabe sekula edaten eta edaten dabenek ez dabe sekula erosten. Izenik emon gura ez dauen enpresako arduradunetako batek dinoanez, likorea agintariak koipezteko erabili izan da. Enpreseak momentu txarrak
bizi ditu 2013. urtetik, izan be, Xi Jinping, Txinako buru barriak ustelkeriaren kontrako kanpaineari ekin eutson eta ordutik miloeka funtzionario dira salatuak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu