Maiatzaren 10ean egingo dira Xenpelar Dokumentazino Jardunaldiak

Bizkaie! 2019-04-29 12:34   Bertsolaritzea

Batze bakarra eskaintzea helburu daben esperientziak ezagutarazoko dira aurtengo jardunaldietan. 

Maiatzaren 10ean egingo dira Xenpelar Dokumentazino Jardunaldiak, Amasa-Villabonako Subijana etxean. 

Ahozko ondareak berezko dituan ezaugarriakaitik, hainbat gunetan batzen diran datu eta dokumentazino mueta ezbardinak modu bateratuan eskaintzeko beharrak bultzatuta sortu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazino Jardunaldiak.

Beharrizan hau ahozko ondaretik haragokoa be bada. Herritarrei ondarea esku-eskura jarteko, ondarearen digitalizazino eta datu batze handiak egin dira azken urteotan, eta Interneten gune ezbardinetan antolatu dira. Atari batean eta bestean eskaintzen diran datuak alkar kurutzatzea ahalbidetzen daben batze bakarreko aukerak garatu dira azken urteotan, eta erabiltzaileak, klik bakar batean, ahalik eta emoitza eraginkorrena lortzen dau.

Batze bakarra eskaintzea helburu daben esperientziak ezagutarazoko dira aurtengo jardunaldietan. Maiatzaren 10ean izango dira, Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etan hasita. Maila estrategikoan nahiz teknikoan emondako pausuak konpartidu nahi dira, izandako zailtasunetatik eta abantailetatik alkarregaz ikasteko.

Eusko Jaurlaritzeak hiru datu-base batzen dituan Liburubila egitasmoa gauzatu dau, eta hori azalduko dabe Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendariak eta Francisca Pulgar Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko arduradunak. Ipar Euskal Herrian dagozan euskal dokumentuen funtsak sarean modu bateratuan eskaintzeko helburua dau, bestalde, Bilketa.eus ekimenak; Baionako Mediatekako Marie-Andrée Ouretek emongo deusku haren barri. Artium Museoko liburutegi arduradunak, Elena Roserasek, azalduko dau museoko dokumentazinoa eskaintzeko garatutako sistemea. Eta, azkenik, Aitor Maritxalar informatika garatzaileak bilaketa bakarra eskaintzeko Euskaltzaindiak eta BDB Datu Baseak darabilten Solr sistemea zer dan azalduko dau.

Aurten findu dau Xenpelar Dokumentazino Zentroak BDB Bertsolaritzearen Datu Basearen bilatzailea; Solr sistemeari esker, hainbat datu base alkar kurutzatzen ditu orain bilatzaileak, eta, holan, ahalik eta emoitza eraginkor eta osotuena eskaintzen jako erabiltzaileari bilaketa egiten dauenean.

Jardunaldien amaieran, eretxi trukerako abagunea izango da.

Sartzea doban da, baina xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzita emon beharko da izena, maiatzaren 8a baino lehen. Egitarau zehatza, hemen.


Seigarren urtez antolatzen

Xenpelar Dokumentazino Jardunaldiak dokumentazino alorraren eta Euskal Herriko dokumentazino gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazoteko helburuz sortu ziran. Bertsolaritzaz harago, euskerazko ahozko beste kultur adierazpide gehiagoren inguruan sustatu izan dira. Aurtengoa seigarren aldia da.

Mintzola Ahozko Lantegia, Bertsozale Alkartea eta Iametza Interaktiboa dira aurtengo antolatzaileak; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazino Zentroetako Profesionalen Euskal Alkarteak (ALDEE) lagunduko dau jardunaldien barri zabaltzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu