Zeanurin errotarik errota, naturea eta kulturea buztartuz

Bizkaie! 2019-04-29 09:05   Antxinakoak Geurera

Maiatzaren 5ean izango da Zeanuriko Erroten XIV. Ibilaldia

Maitzaren 5erako atondu dau Joko Alai Alkarteak 2019ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamalaugarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Ibilbide bi atondu ditue antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, umeentzako edo ondo preparauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.


Egurrezko bide barria

Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik (azken hau 2015ean zaharbarriztau eben Manterolatarrek eta sartu-urtena egin ahal izango da) pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera, eta horretarako, aurten Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoak diseinau eta zabaldu dauen bidea (200 metroko egurrezko pasarelea eta guzti) jarraituko dabe; aldi berean, bide barri horren inaugurazino ofiziala egingo da.

Urtegia atzean itxi eta laster Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikora errekatxuaren ertzean. Agarre izeneko baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajauko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe.

Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari (oraingoan beste aldetik); presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa (Pujana familiak guztiz zaharbarriztua) eta sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.

Ibilbidea 18 kilometrokoa da baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela ibiltariei, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.


Bisitetan diran hiru errotak: Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri

Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko, errotea lanean ikusteko eta osotzen daben atalak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.

Errotabarriko errotea: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta anteparea lotuta dagoz konporta baten bidez. Zeanuriko ganerakoo errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateratzen da, urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan. 2015ean guztiz zaharbarriztau eban Errotabarri Manterola familiak.

Ibargutxiko errotea: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizitatea. Ibargutxiko errotearen instalazioak guztiz zaharbarrituta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan, eta bere heriotzaren ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat ehoten.

Olabarriko errotea: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak aprobetxau eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantz Benigno Pujanak, Isidroren semeak, errotea erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarrizte lanei heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz. Olabarriko erroteak hiru harri daukaz. Errotearen ondoan burdinolearen arrastoak azaltzen dira.


Ibilaldia

* Eguna: maiatzaren 5a, domekea.

* Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan. 5 €; 14 urtetik beherako umeak debalde.

* Urteerea: 09:00etan.

* Ibilbidea: 18 kilometro inguru; umeentzako ibilbide laburra: 12 kilometro.

* Jan-edana: Alkiberren jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k.

* Errotetan sartu-urtena: ibilaldiaren hasieran Errotabarriko errotan sartu-urtena egiteko aukerea izango da, zazpigarrenean Ibargutxikoan eta azken kilometroan Olabarriko errotan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu