Badator 'La pequeña Suiza', Kepa Sojoren bigarren film luzea

Bizkaie! 2019-04-24 13:06   Zinemea

Film barria apirilaren 26an estreinauko da Espainiako zinema-aretoetan.

La pequeña Suiza, Kepa Sojo Euskal Herriko Unibersidadeko Artearen Historia Saileko irakasle eta zinema zuzendariaren bigarren film luzea, datorren apirilaren 26an estreinauko da Espainia osoko zinema-aretoetan. Sojok UPV/EHUren Arabako Campuseko Micaela Portilla Ikerketa Zentroan filmau zituan sekuentzietako batzuk. Eszena horreetan Karra Elejaldek (Peio izango da, Letren Fakultadeko irakasle arkeologo eta paleografo bat), Maggie Civantosek eta Jon Plazaolak parte hartu eben (filmean, artearen historialari bi, Peiori kripta misteriotsu batean topautakoari buruzko aholkua eskatuko deutsie).

Gidoia Kepa Sojok eta Sonia Paciosek egin dabe eta filma zuzendari eta irakasle arabarraren bigarren lan luzea da, El síndrome de Svensson filmaren ondoren (2006). Sojo Loco con ballesta film laburragaz (2013) Goya sarietarako izentapen bat lortu eban, ganera, frankismoaren garaiko Espainiako zineman eta Luis García Berlangaren ibilbidean aditua da.

Aktore multzoan, ikus-entzunezkoen arloko jente ezagun asko agertzen da (aitatutako Elejalde, Civantos eta Plazaolaz gan); Ingrid García Jonsson, Secun de la Rosa, Enrique Villén, Ramón Barea, Lander Otaola, Mikel Losada, Maribel Salas, Kandido Uranga, Iñigo Salinero eta Susana Soleto, besteak beste. Horrezaz gan, Pepe Rapazote aktore portugaldarrak be parte hartu dau filmean. Haren herrialdean oso ospetsua da eta nazinoarteko zenbait telesailetan agertu da, berbarako, Narcosen eta Shamelessen.

Nadie Es Perfectok produzidu dau filma (Kiko Martínez), Kuttuna Filmak euskal enpreseagaz (Sonia Pacios) eta Portugalgo Stopline Filmsegaz batera (Leonel Vieira); beraz, Espainiaren eta Portugalen arteko koprodukzino bat da. Banaketea eOne Films etxearen esku dago, baina RTVEk be parte hartzen dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu