Ordiziako 2019ko Artzain Eguna apirilaren 24an izango da

Bizkaie! 2019-04-23 09:43   Jan edanak

2.000 ardik baino gehiagok zeharkatuko dabe herria.

Ordizian 2019ko azoka berezien egutegiari hasierea emongo deutson Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 24an Ordizian. Artzainak eta gaztaia izango dira protagonista goiz horretan; Idiazabal gaztaiaren denporaldi barriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Aizpea Oihaneder, Donostiako Xarma Cook & Culture Jatetxeko sukaldariaren eskutik.

Ordiziako Udalak honako erakundeokaz batera antolatu dau azokea: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Alkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaiaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaiaren Kofradia.

Plaza Nagusian eta inguruetan egingo dan asteroko azokea izango da protagonista baina horrezaz gan, gaztaia, Goierriko produktuak eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko ditue.


Aharien erakusketa-lehiaketea

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketea eta salmentea egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, duda barik, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalidade eta kopuruz Euskal Herriko bakarra. Igazko etenaldiaren ondoren barriro be txapelketea berreskuratzeko pausua emon da. Erakusketan latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-baltzak egongo dira ikusgai.

Mutur-gorrien kasuan, Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira. Mutur-baltzetan, barriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Garagartza Plazan gaztaia egingo dabe zuzenean baina oso erakargarriak diran beste jarduera batzuk be izango dira, berbarako, gatzatua probetako saioak eta eguerdi partean ardien ule-mozketea, makinaz zein eskuz.


Transhumantzia birgogoratuz



Goizeko 11:00ak bueltan, garai batean artaldeak negua amaitzen zanean mendira joateko herri barrutik igaroten ziran legez, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Modu honetan antxinatik egin izan dan eta denpora barriek enbarazu egiten daben menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dabena.

Eta artzain gehienak kamioiez Aralar edo Aizkorriko magaletara garraiatzen dituen arren, badagoz oraindino antxinako jarduereari eusten deutsienak, ordutegi zehatz eta ez ohikoetan euren bidaia eginez. Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dabe mendiko larreetara buelta.

 

Aizpea Oihaneder eta Jakitea Alkartea

Goizeko 11:15ean, Ordiziako Udaleko Batzar aretoan, Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko Aizpea Oihaneder sukaldariak gaztai gaztea ebagiko dau. Baina, aldez aurretik, Jakitea, betiko sukaldaritzearen alde egiten daben sukaldarien alkarteari omenaldia egingo jako, Idiazabal Gaztaia ezagutarazoten egindako lanagaitik.

Gaztaiaren erregulartasun-kalidade sariak emongo jakez Ordiziako Joseba Insausti artzainari eta Idiazabalgo Goiburu Gaztandegiari be.

Ohitureari eutsiz, goiz guztian zehar, Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian kozinauko ditu Karlos Ibarrondok. Goizeko 11:30etik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta batutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Ume Minbizidunen Gurasoen Alkartearentzat, izango da.

Bisitariek Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozetako aukerea izango dabe, izan be, herriko bost jatetxek Idiazabal Menu parebakoa gehi D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentrorako sarrera bat eskainiko dabe, guztia 23 euroan.

Apirilaren 15etik bagilaren 16ra, Arzak, mundu osoa 4 koloretan margotua erakusketea ikusgai izango da Ordiziako D´elikatuz Zentroan.

 

Egitaraua

9:00- Ahari eta ardien erakusketea Garagartza plazan.

Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.

11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.

11:15- Idiazabal gaztaiaren denporaldi barriaren aurkezpen ofiziala, udaletxeko Batzar aretoan. Aizpea Oihaneder, Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldariak ebagiko du gaztaia barria.

Aldez aurretik, Jakitea, betiko sukaldaritzearen alde egiten dauen alkartea omenduko da, eta gaztaiaren kalidadearen eta erregulartasunaren sariak emongo ditue.

11:30- Gaztaia egitea eta gatzatua probetea Garagartza plazan.

11:30- Burruntzian erretako Eusko Labeleko esne bildotsak probetea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Ume Minbizidunen Gurasoen Alkartearen, alde.

12:15- Ule-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

Oharra: Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gaztai-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak be jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dabe herria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu