Zinemaz Blai 19 film laburren zikloa Bilboko Euskal Museoan

Bizkaie! 2019-04-23 08:30

Bosgarren urtez dator dokumental-berbaldi zikloa.

Euskal Museoak antolatu eta Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatutako film laburren ziklo hau euskal zinemearen erreferente bihurtu da. Bosgarren urtea dau Zinemaz Blai zikloak Bizkaiko erakundean, eta Bilbo, Bizkaia, bilakaerea eta jaia izango ditu ardatz. Hurrengo eguenetan izango da, hain zuzen, apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an, 19:00etan. Aurten, Bizkaiko Lege Zarra, Bilbao en el tiempo, Sinfonía Vasca, Bilbao? eta Aste Nagusia film laburrak erakutsiko ditue. Bilbok eta Bizkaiak izan daben goitik beherako bilakaerea ezagutzea da edizino honen helburua, bai eta bertako jaietara hurreratzea be, besteak beste, Bizkaiko uriburuko Aste Nagusian personaia nagusi dan Marijaiaren bitartez.

Horrezaz gan, omenaldi txiki bat egingo jako Federico García Lorca poeteari, harek Ameriketara egindako bidaiaren 90. urteurrena baita aurten. Iñaki Elizalderen Lorca film laburrean poetearen bizitzako azken lau urteak erakusten dira.

Zinemaz Blai zikloko emonaldi bakotxaren ondoren mahai-ingurua egoten da. Aurten, José María Gorordo ekonomialari eta ikertzaileak, Pablo Zapata filologoak, Elías Mas arkitektoak, Andoni Elezcano historiagileak, Amaia Mujika etnografoak eta Santiago Burutxaga eta José María Amantes gizarte-animatzaileek hartuko dabe parte Bilbo, Bizkaia, bilakaerea eta festa zikloan, Alberto López Echevarrietak jardungo dauelarik gidari. Hizlari guztiek ditue, era batera edo bestera, hartu-emon estuak filmakaz.

Film laburren zikloari esker, besteak beste, Miguel Bosé, Alex Angulo eta Juan Diego antzezleen lana hurretik ezagutzeko aukerea izango da. Horrezaz gan, anfitrioiaren eskutik ezagutuko dogu Aste Nagusia, Marijaiaren eskutik, hain zuzen be; euskal foruetara hurreratzeko aukerea be izango da, Fuero Viejo de Vizcaya (Bizkaiko Lege Zarra) filmaren bitartez.

Sartzea doban da eta sarrera kopurua mugatua; sarrerak Euskal Museoaren atarian jasoko dira, proiekzinoa hasi baino 30 minutu lehenago, helduera ordenaren arabera.

Azken buruan, egitaraua eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu