Juan Mari Lekuonaren bertsoen bildumea, kalean

Bizkaie! 2019-04-16 09:45   Bertsolaritzea

Olerkaria ez eze, bertsogilea be izan zan.

Jon Kortazar, Oihana Lekuona eta Iosune Cousillas (argazkia: Oiartzungo Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Poesian eta euskalgintzan egindako ekarpen zabalagaitik da ezaguna Juan Mari Lekuona oiartzuarra (1927-2005). Baina bertsozalea be izan zan, eta bertso ugari idatzi zituan, gehien-gehienak argitaratu barik egon diranak. Pamiela etxeak atera dauen Bertsoak liburuan irakurri leitekez horreetako asko.

Eskuz idatzitako iturri nagusi bi erabili ditue liburuko edukiak topetako. Batetik, Nere olerki eta kantak izeneko koadernoa, 1964-65ean Erroman eta 1975-76an Donostian idatzitako bertsoz betea. Bestetik, mende amaieran idatzitako beste sorta batzuk, Egutegia 1999 izenburupean batuak. Iturri bion artean, pilo bat bertso ekarri ditue liburura.

Jon Kortazar eta haren seme Paulo Kortazar, biak EHUko irakasleak, ibili dira edizino lanetan. Lekuonaren poemak eta bertsoak garbi bereizten dirala ikusi dabe: Bertsoetan, neurria, errimea... zorrotz jagoten zituan. Hori bai, ez dira bat-bateko bertsoak ezelan be, Lekuonak ale bakotxaren bersino asko idazten zituan gustukoa topau arte. Horregaitik, bertsolaria baino, bertsogilea zan.

Juan Mari Lekuonaren beste lan batzuen aldean, argitalpen personalagoa da honako hau, kortazartarren arabera. Inguruko giro eta personak agertzen dira bertsoetan, eta ale asko ohiko ospakizunetan kantetako ziran, esate baterako, ezkontzetan. Halandabe, kalidade handiko bertsoak dira.

Zuzenketa gitxi batzuk kenduta, bere horretan plazaratu ditue bertsoak, ez dalako edizino gaurkotu bat, eskuizkribuei lotuagoa baino. Liburuaren amaieran, bertsoon inguruan egindako azterketearen barri emoten dabe Jon eta Paulo Kortazarrek, eta Lekuonaren bizimoduaren inguruko azalpenak be sartu ditue.

Abade, idazle, irakasle eta euskaltzain izan zan Juan Mari Lekuona, eta bertsolaritzearen munduan be ibili zan. Besteak beste, epaile ibili zan txapelketetan, eta bertsolari ezagun batzuen inguruko ikerlanak egin zituan.

Jon eta Paulo Kortazarregaz batera, Oiartzungo Udaleko zinegotzi Iosune Cousillas, Pamielako Jose Anjel Irigarai eta Juan Mari Lekuonaren loba Oihana Lekuona egon dira Donostian egindako aurkezpenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu