Getxoko Punta Begoñan historiaurreko aztarnategia topau dabe

Bizkaie! 2019-04-10 12:42   Kulturea

Karbono-14 probek aurreratu dabe orain 5.000 urteko aztarnategi bat dala.



Punta Begoñan egindako kanpaina arkeologikoak ezusteko aurkikuntza bat ekarri dau, hain zuzen, historiaurreko aztarnategi baten arrastoak azaldu dira. Horri esker, datu gehiago izango ditugu Euskadiko historiako garai ezezagunenetariko bati buruz.

Holako aurkikuntza baten aurrean zuhurtzia eta ikerketa lanak zorroztasunez egin behar dira. Bada, horrek laborategiko lan zorrotza eskatu dau, aurtengo bagilera arte iraungo dauena; hain zuzen, indusketak berrabiarazoten diranera arte, adierazo dau María Peraitak, zaharbarrikuntzan eta ondare-kudeaketan espezializautako arkitektoak. Peraita Ondare Eraikinaren Ikerketa Taldeko (OEIT) eta Kultur Paisajea eta Ondarearen UNESCO Katedrako kidea da, biak ala biak EHUko erakundeak.

Topautako aztarnakaz orain arte egindako ikerketen artean, karbono-14 eta termolumineszentzia analisiek Neolitoaren azken etapearen eta Kalkolitoko hasierearen artean kokatzen dabe aztarnategia, hau da, orain 5.000 urte. Une horretan hasi ziran orokortzen aire zabaleko giza kokaguneak, eta gaur egungoa lako gizarte-egitura konplexuago baterako lehenengo urratsak emoten hasi ziran.


Bizkaian ia ez dago holako lekukotzarik

Aurkikuntzea ezustea izan da Punta Begoñako ikerketaren zati horretan dabilen EHUko ikerlari taldearentzat, izan be, gure lurraldean ez dago apenas mueta horretako lekukotzarik, gitxiago kostaldean. Aire zabaleko giza kokagune horren ezaugarriak eta eraikinez jositako Bizkaiko kostaldea zein hondakinen hauskortasuna nabarmendu behar dira.

Berreskuratutako arrastoak ez dira ikusgarriak, izan be, silex eta zeramika zati txikiak eta egur-ikatz arrastoak dira, historiako garai horretan ohikoak diranak. Halan da be, horreek aztarnategiaren antxinatasuna berrestea ahalbidetu eta oso erabilgarriak izango dira gure historiari eta biziteko moduei buruzko datuak lortzeko, adierazo dau Peraitak.

Aurkikuntza egin ahal izateko erabagigarria izan da Punta Begoñako Galeriak berreskuratu eta balioa agerrarazoteko prozesuan izandako zorroztasuna: Suberte handia izan dogu, galeriak berreskuratzeko ohiko prozesu bat jarraitu izan balitz, seguruenik aztarnategia suntsitu egingo zalako.


Indusketa kanpainea

Orain lehentasuna izango da Euskadiko historian ezezaguna dan garai horri buruzko datuak jasotea. Horretarako egingo dan indusketa kanpainan balio didaktikoak nagusituko dira, eta herritarrei zabalik egongo da, indusketa prozesua eta horren emoitzak bertatik bertara ezagutzen joan ahal izateko.

Aztarnategia ezagutarazoteak proiektua aberastu dau, baina esfortzu osogarria be badakar, bateragarri egin ahal izateko obrea bera eta edukien dibulgazinoa. Orain arte, praktika akademikoen kanpaina bat jarri da martxan indusketan, EHUko Historiako graduko unibersidadeko ikasleei zuzendutakoa. Horren bidez, euren prestakuntzea osotu eta gaitasun barriak eskuratzeko erraztasunak emon gura jakez. Praktiketarako izen-emotea hurrengo astetik aurrera egin ahal izango da, EHUk zehaztutako ohiko bideetatik. Aldi berean, aurkikuntza herritarrei zabaltzeko hainbat jarduera egiten dabiz; esate baterako, berariazko bisitak, familiei zuzendutako jarduerak, eskoletako tailerrak eta etorkizuneko ibilbide eta erakusketak, gaiaren inguruko erakunde entzutetsuakaz batera (Bilboko Arkeologi Museoa...).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu