Sondikaren inguruko dokumentala aurkeztu dau Labayruk

Bizkaie! 2019-04-09 10:11   Kulturea

Herritarren lekukotzak batu eta ikuspegi historikoa landu dabe.

Lepo bete zan Sondikako Kultur Etxea lehenengo proiekzinoan (argazkia: Labayru) | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste herri batzuetan egin daben legez, Sondikan be ibili dira Labayru Fundazinoko adituak lekukotzak batzen. Herritarrek esandakoan oinarrituta, dokumentala egin dabe, azken hamarkadetako jazoerak eta memoria erakusteko. Sondikako Udalak eskatuta, ikuspegi historikoa be emon deutsie lanari, herriaren XX. mendeko historia hain zuzen.

Sondika txori hegalarien habia izeneko dokumental hau martiaren 30ean proiektau eben lehenengoz, Kultur Etxean egindako saio jentetsuan. Euskeraz emon eben filma, eta ondoren, gaztelaniazko bersinoa. Ekitaldian izan ziran Xabier Zubiaur Sondikako alkatea, udalbatzako ordezkariak, ikus-entzunezkoan parte hartu daben lekukoak eta, Labayruren izenean, Adolfo Arejita eta Akaitze Kamiruaga.

Saioaren amaieran, ikus-entzunezkoaren kopia bana emon eutsien lekukoei. Ganera, proiekzinoaren arrakastea ikusita, beste hiru saio egingo ditue. Horrezaz gan, Gorondagane ikastetxean eta nagusien egoitzan proiektauko dabe. Alboko herrietara eroateko asmoa be badaukie.

Zazpi ataletan banatu dabe ikus-entzunezkoa: Herria; Gerrea, gerraostea eta diktadurea; Bizimodua; Industrializazinoa; Aireportua; 1960ko hamarkadatik aurrerako gertakizunak; eta Jaiak eta aisialdia. Lan honen helburua Sondikako hurreko historia ezagutarazotea da. Bide batez, herria eregi daben sondikoztar guztiei omenaldia egiteko modua be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu