'Elkano, Lehen Mundu Bira' garagarrilaren 5ean estreinauko dabe

Bizkaie! 2019-03-29 09:29   Zinemea

La Oreja de Van Gogh taldeak urrezko amaierea emon deutso film luzeari Haizeaz fidatu kantuagaz.

Malagako 22. Zinemaldian harrera bikaina izan ondoren, Angel Alonsok zuzendu eta Dibulitoon Studiok produzidutako Elkano, Lehen Mundu Bira filmaren estreinaldi komertziala zinema-aretoetan garagarrilaren 5an izango da. Elkano, Lehen Mundu Bira publiko familiarrari zuzendutako animazinoko film luzea da eta historiako abentura ederrenetako batean inspirauta dago, hain zuzen 1519an Sevillan hasi eta hiru urte aurrerago leku horretan amaitutako bidaia zirkularrean. Abentura harek mundua biribila zala frogatu eban lehenengo aldiz gizateriaren historian. 1519an, 240 gizonek urten eben Sevillatik 5 itsasontzitan baina batek baino ez eban lortu bueltetea hilzorian egozan 18 gizon tartean zirala. Gaztelako erreinuak finantziautako espedizino haretako protagonista nagusiak Fernando de Magallanes portugaldarra eta Juan Sebastian Elkano euskalduna izan ziran, misinoa amaitzea lortu eban itsasgizona, hain zuzen.

Ezagutzen diran jazoera historikoetatik eta personaietatik abiatuz, Angel Alonso zuzendariak animazino film ikusgarria sortu dau, ikusle gazteen begientzako sortua, familian disfrutetako. Gosea, hotza, ekatxak, gaixotasunak, traizinoak, baita umorea eta maitasuna be. 90 minutu abenturako klasiko baten osogarri guztiakaz. Aitamen berezia merezidu dau urak, planeta osoko itsasoetatik barrena egindako bidaian etenbarik presente dagoan elementuak. Olatu erraldoien forman, hego hemisferioan izotz forman edo lasai eta geldi Pazifikoaren erdian. Ura protagonista bat gehiago da filmean eta ikuslearen bidelagun bihurtzen da animazino pelikula osoan zehar.

Elkano, Lehen Mundu Bira filmaren gidoia Jose Antonio Vitoriarena eta Garbiñe Losadarena da. Joseba Beristain soinu bandearen egilea da. Musikea, sinfonikoa ia erabat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik Fernando Velazquezen zuzendaritzapean eta Donostiako Orfeoiaren 90 ahotsakaz Jose Antonio Sainz Alfaroren gidaritzapean. Enrike Solinisek be, aintxinako musikan eta gitarran aditua, parte hartu dau soinu bandan bere errepertorioko konposizino batzuk filmerako egokituz eta Beristainek sortutako musika pieza jakin batzuk gitarra mueta desbardinakaz interpretauta.

La Oreja de Van Gogh taldeak urrezko amaierea emon deutso film luzeari Haizeaz fidatu kantuagaz, musika pieza inspiratzaile eta freskoa. Donostiako taldeak filmearen jatorrizko kantua sortu dau Getariako marinel Juan Sebastian Elkanori omen eginez, mendebalderuntz nabegetan jarraitzeko erabagia hartzearen ondorioz, historiako lehen zirkunnabigazinoa posible egin eban gizonaren balentria autortuz.

Angel Alonso (Pasaia, Gipuzkoa, 1967) animazinoko zineman eta efektu berezietan espezializautako zuzendaria da. Zientzia-fikzinoko zinemearen maitale amorratu legez, 1991an Dibulitoon Studio sortu eban Irunen Ricardo Ramón produktoreagaz batera bere istorio propioak zuzentzeko. Haren ibilbide profesionalean zehar beste film luze bi zuzendu ditu, Ametseko lapurra, Animazio Film Onenaren Goya sarietarako izentau ebena 2000. urtean eta bere osotasunean 3Dn egindako estaduko lehen animazino filmeetako bat, eta Mystikal 2011. urtean, benetako aktoreakaz % 100 kroman filmautako estaduko lehenengo filma. Teresa eta Galtzagorri (2017), Dixie eta matxinada zonbia (2014), Haritzaren bihotza (2012), Aita, zonbie bat naiz (2003), Cristobal Molón (2007), SuperTramps (2005) eta Glup (2004) dira zuzendari tekniko legez Dibulitoon Studiogaz egindako beste lanetako batzuk. Dibulitoon Studio SL nazino barruan zein nazinoartean ospe handiko ikus-entzunezkoen produkzino etxe independiente bat da 1991an sortua. Irunen kokatua dago eta gaur arte, errekonozimendu ugari jaso dituen 11 film luze produzidu ditu.

Elkano, Lehen Mundu Bira filma euskal produkzino bat da eta Eusko Jaurlaritza, Espainiko Kultura-Ministerioa, ETB, TVE eta Ibermedia Programearen babesa eta finantziazinoa izan dau. V Centenario 1º Vuelta al Mundo komisinoak, interes bereziko proiektu izentau dau, eta Mundubira 500 Elkano Fundazinoak filmeari babesa eta laguntzinoa emongo deutso promozinoan eta zabalkundean.

Barton Films-ek film luzearen banaketea egingo dau EAEn, baita Espainiako iparraldean be. Filmax gaztelerazko bersinoaren banaketaz arduratuko da ganerako zonaldeetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu