Juan Ajuriagerraren biografia idatzi dau Eugenio Ibarzabalek

Bizkaie! 2019-03-28 09:19   Kulturea

Gerra Zibiletik diktadurearen osteko sasoietarainoko gorabeherak batu ditu.

Eugenio Ibarzabal (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo Eusko Jaurlaritzako eta EAJko kide esanguratsua izan zan Juan Ajuriagerra (1903-1978), Euskal Herrian eta erbestean egindako lanagaitik. Eugenio Ibarzabal ikerlari eta idazlearen ustez, euskal nazionalismoaren figura garrantzitsuena da Ajuriagerra, eta liburu baten batu ditu haren ibilbidearen pasarte aitagarrienak.

Juan Ajuriagerra. El hermano mayor izenburua ipini deutso Ibarzabalek biografiari, Santoñako errendizinoaren ostean gudari askok euren anaia nagusitzat eukielako. Erein argitaletxeak plazaratu dau 400 orrialde pasautxuko liburua, Lekuko bilduman, eta oraingoz gaztelaniaz baino ez dago.

Datu biografikoak eta benetako jazoerak batzen dituan arren, liburuaren haria nobela baten antzekoa dala dino Ibarzabalek, Ajuriagerraren bizitzea be halakoxea izan zalako. Lehen eskuko materiala erabili dau autoreak biografia idazteko: Ajuriagerra hil baino hiru hile lehenago egin eutsazan alkarrizketak.

Euskal politikan Ajuriagerrak zelan esku hartu eban detaile handiz agiri da liburuan. Batetik, 1936ko altxamendu faxistearen aurrean izan eban jarreratik hasi, eta Santoñako errendizinoan hartu zituan erabakietaraino. Erbestera alde egin baino, gudariakaz batera errendidu nahi izan eban.

Diktadurearen sasoian, erbestean ibili zan kartzelatik pasau eta gero, EAJko presidente izatera be heldu zan. Orduko nazionalismoaren erronken aurrean Ajuriagerrak euki eban jarrerea argi eta garbi azaltzen dau liburuak. EAJren inteligentzia zerbitzuakandik aldendu zanekoa, ETAren sorrerea, indarkeria...

Azkenik, diktaduratik demokraziarako transizinoan, Euskal Herrira bueltan, zeregin nabarmena izan eban konstituzinoaren inguruko eztabaidan. Bizkaiko zerrendaburu be izan zan 1977ko hauteskundeetan. Handik lasterrera hil zan, 1978ko abuztuan.

Eugenio Ibarzabalen esanetan, ideologia eta eretxien ganetik, Ajuriagerraren bizitzearen inguruko egia bilatzea izan da bere helburua. EAJkoa izan zein ez, irakurleak gogoetara bultzatzeko asmoa dauka autoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu