Ertzetako antzerkigileak erdigunera

Bizkaie! 2019-03-26 09:16   Kulturea

Euskal eszenearentzako leihoa izateko asmoz jaio da Ertzak Sarea Lekeition.

Hamaika Buelta da topaketan parte hartuko daben konpainietako bat | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskal Herrian antzerkia egiteko modu ugari dagoz, eta sektorean dabizan talde eta norbanakoak batzeko sortu dabe Lekeition Ertzak Sarea, hareen lana ikusgai bihurtu eta danen artean konpartiduteko. Teatroa bide ez konbentzionaletik edo profesional izan barik lantzen dabenentzako alkargune izatea da asmoa.

Ertzak Sarearen bultzatzaileek egitasmo barriaren beharra azpimarratu dabe: Euskerazko teatroa anitza da eta geruza ugaritan banatu leiteke. Eta aniztasun horretan, hainbat eta hainbat ertz dagoz: antzerkia zaletasunetik egiten daben taldeak, proposamen bereziak plazaratu nahi dituenak, espazio edo formatu arruntetatik haratzago joan nahi dabenak, edo, beste barik, bidea egiten hasteko espazioak behar dituen dinamikak. Antzerkia zirkuitu konbentzionaletatik kanpo bizi dabenentzako sareak falta dira Euskal Herrian. Asko sortzen da, baina bizipen horreek alkarbanatzeko espaziorik ez dago.

Ikastolen Ibilaldia Lekeitiora helduko dan urtean jarri dabe martxan Ertzak. Herrian garapen kulturala bultzatzeko eta Ibilalditik harago eragina izateko ekimen aproposa dala dinoe arduradunek. Lekeitioko Muntu antzerki taldearen idea baten oinarritu dira Ertzak Sarea martxan jarteko.

Aurtengo edizinoa martxoaren 29tik eta 31ra egingo diran topaketakaz hasiko da. Euskal Herri osotik etorriko diran antzerki talde edo bakarlarien erakusleihoa izango da. Zazpi antzezlan, tailer bi eta mahai-inguru bat aurkeztuko ditue. Antzezlanik barritzaileenak ikusteko ez eze, formakuntzarako eta eztabaidarako gunea be izango da. Egitaraua hemen.

Topaketen asmo nagusia da, Lekeition sortutako espazio honetatik antzerkizaletasunean dabizan taldeak hartu-emonetan jartea, sarea eregita. Alkarlana eta sinergiak sortuko dira era horretara. Izan be, bultzatzaileen ustez, euskal antzerkiak ertz asko ditu, eta ez-profesionaltasunaren edo beste alternatiba batzuen ertzetan jarri dabe arretea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu