Endika Basagurenen obrea, Barriek zikloan

Bizkaie! 2019-03-22 09:23   Kulturea

Bilboko Rekalde Aretoan egongo da erakusketea maiatzaren 5era arte.

Suntsitzea eta apurtzea dagoz Endika Basaguren artista bilbotarrak Rekalde Aretora eroan dituen piezen oinarrian. Sei urtez ibili da proiektua atontzen, sortutako obrak sutan erreten eta desagertze hori argazki eta bideoetan gordeten.

Errautsak eta hondarrak dira, hortaz, Borrar las huellas de la memoria izeneko erakusketako elementu nagusiak. Horreen bidez, antropometriak, autoerretratuak, orbanak eta abar topauko ditu ikusleak. Suntsipen eta bersortze horregaz, bere historiagaz eta gomuteagaz bat egitea bilatzen dau artisteak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek programan parte hartu daben artista bekadunen sorkuntzak bakarka erakusten ditue Rekalde Aretoaren ziklo honetan. Orain Endika Basagurenen txandea da, maiatzaren 5era arte. Kabinete Abstraktuan dago bere obrea, eta sartzea doban da.

Basagurenek berak erakusketearen oinarrian dagoan pentsamenduaren barri emon dau:

Henri Michauxek esaten ebanez, aztarnarik ez ixteko bultzadeari aurre egiten deutsana da artistea. Eta, egia esan, gaur egun inoz baino eragin handiagoa dauka kulturan arrasto bat marraztearen sukarrak. Horren adibideak dira Facebook  edo Instagram. Beharbada, une honetan, kezkagarriena arrastoa ixteari uko egitean egon leiteke, artistea arrasto horren ezabatzaile bihurtuz.

Jarrera hori iraganeko artea atzean lagatzeko bidea da, artearen historiari buruz hausnartzeko, baina nire kasuan apurketa hori neure obrearen eta historiareren ingurukoa da. Nire lanaren zati handia suntsitzen dot, gitxi gorabehera sei urtean egindako lana, orduan izan nintzana ukatzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu