'Sagutxo tuntuna', Loraldiaren proposamena umeentzat

Bizkaie! 2019-03-21 08:10   Kulturea

Maider Lopezek sortutako ikuskizuna martiaren 30ean estreinauko dabe, Bilbon.

Errusiako ipuin tradizionaletan oinarrituta sortu dau Maider Lopez musikari gasteiztarrak Sagutxo tuntuna izeneko umeentzako ikuskizuna, Loraldia Festibalaren laguntzinoagaz. Jaialdi horren egitarauaren barruan estreinauko dabe, martiaren 30ean, Azkuna Zentroan. Ondoren, Euskal Herriko beste agertoki batzuetara eroatea da asmoa.

Musikaz asko daki Maider Lopezek, Durangoko konserbatorioko irakaslea eta Khantoria taldeko kidea dan ezkero. Hori dala eta, Dmitri Xostakovitxek 1940an sortutako operea egokitu dau Sagutxo tuntuna egiteko. Egokitzapen honetan, ganbera musika talde batek, jantzari batek, txotxongilo batek eta narratzaileak hartzen dabe parte.

Samuil Marxak-en ipuin bat da Xostakovitxen obrearen atzean dagoan istorioa, eta Sagutxo tuntuna-n be hori da argumentu nagusia. Errusiako etxalde baten, sagu-amak bere kumea lokartu nahi dau, eta inguruko animaliei laguntzinoa eskatzen deutse: Txakurrari, behorrari, txarriari... azkenean, katuari be deitzen deutso, baina honek sagutxua jatea dauka buruan.

Xostakovitxen musikearen inguruan dago antolatuta kontakizuna. Animalien eta jazoeren ezaugarriak aditzera emoteko, tresna bakotxaren soinua eta tinbrea erabili ditu Maider Lopezek. Eszenografia be jagon dabe Lopezek eta Elena Bezanilla eszena zuzendariak.

Maider Lopez bera izango da ikuskizuneko abeslari bakarra, baita biola jolea be. Beste musikari honeek be egongo dira oholtzan: Carmen Martínez (zeharkako txirulea); Izadi Velez de Mendizabal (fagota); eta Elena Arbonies ( klarinetea). Ainhoa Pineda aktoreak be hartuko dau parte. Sagutxuaren txotxongiloa Anita Maravillasen tailerrekoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu