Topaketea Bilboko ikastetxeetako talde feministakaz

Bizkaie! 2019-03-08 13:28   Pil-pilean

Bilboko 13 ikastetxetako talde feministetan lan egin daben gaztetxuen lana saritzea izan da helburua.



Bilboko Udala
k, bere eskumenen eta arduren artean, konpromisoa hartu dau genero-indarkeriari aurrea hartzeko eta arlo horretako planak eta programak zehaztu, gauzatu eta koordinetako. Bilbotar gizartean bardintasuna sortzea, emakumeen kontrako indarkeriarik ez egotea, eta emakumeen eta gizonen artean bardintasuna sustatzea da asmoa.

Emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna bultzatzeko eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko asmoz Udalak bultzatzen dituan programetako bat hezkuntzearen eremukoa da; programearen helburua da uriko gazteak protagonista izan daitezala gizarte parekide bat, emakumeen kontrako indarkeriarik ez dauena, eregiteko bidean.

Orain zortzi urte, zenbait ikastetxetan talde feministak abian jarri ziran, neska eta mutil nerabeen talde estrategikoak dira, agenda propioa dabe, eta bardintasun gaietan sensibilizazino ekintzak egin nahi ditue. Emakumeen kontrako indarkeria egoerei aurre egin eta auzitan jartea dabe helburu. Gazte horreek agente gazte bihurtzen dira, ikastetxean euren edadekoenn artean sensibilizazino eta prebentzino-ekintzak zehazteko. Ekintza horreen artean dagoz lehiaketak, agiriak irakurteko ekitaldiak, alkarretaratzeak, Historian emakumeek egindako ekarpena agirian ixteko ekitaldiak eta abar.

Ikasturte bakotxean, Bardintasun Sailak talde ezbardin biren sorrerea bultzatzen dau, hainbat ikastetxetan. Oraingoz, agente gazteak dagoz ondoko ikastetxeetan: Botikazarra, Deustuko ikastola, Ibarrekolanda, Salestarrak, San Ignazio, Miguel de Unamuno, Gabriel Aresti, Berriotxoa, Kirikiño, Solokoetxe, Urretxindorra, Artxandape eta Zurbaran.

Ganera, 26 ikastetxetan eta 8 gaztegunetan, genero-indarkeriari aurre egiteko eta bardintasuna sustatzeko tailerrak egin dira. Tailerrotan, genero-indarkeriaren arazoak landu eta zubiak eregiten dira hainbat eragileren artean.

Genero-indarkeriari aurre egiteko tailerrak DBHko 3. eta 4. mailetako, batxilergoko eta LHIetako ikasleentzat dira. Tailerron bidez, gazteei genero-betaurrekoak emon gura jakez, oraindino be bikote harremanetan jazoten diran menperakuntza eta zapalkuntza egoerak identifikau ahal izateko, holako egoeren kausak azaltzeko eta jaubetu barik pasau ez daitezan tresnak eskaintzeko. Ganera, harreman parekideak, tratu onak eta benetako maitasuna zer diran erakutsi gura da, betibe dibersidadearen testuinguruan.

Ekimen honegaz, mito bat guzurtatzen da, hau da, gazteriak ez daukala interesik alkartasuna eskatzen daben gaiakaz, hemen frogatzen baita gazteek genero-indarkeriaren kontra egiteko gaitasuna eta jarrerea dituela. Holan, gazteak eragile aktiboak dira eta indarkeria matxistearen kontrako ekintza zehatzak sustatzen ditue.

Ikusi hemen dokumentala: Talde feministak Bilboko ikastetxeetan 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu