Balio historikodun agiriak sarean ipini ditu Foru Liburutegiak

Bizkaie! 2019-03-05 08:23   Kulturea

Lau Haizeetara erreminteak 9 miloe irudi baino gehiago ditu digitalizauta.

Joan Blaeuren 'Biscaia et Guipuscoa Cantabriae Veteris Pars' mapea, XVII. mendekoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak tresna barria aurkeztu dau, Lau Haizeetara izenekoa, Foru Liburutegiaren artxiboko milaka agiri zahar sarean ipinteko sortua. Erdi Arotik hona sortutako dokumentuak dira, digitalizauta eta era erraz baten ikusteko moduan ipinita. Danetara, 9 miloe irudi baino gehiago sartu ditue erreminta barrian. Edozein ordenagailu, tablet eta gailu mobikorretatik ikusteko moduan diseinau dabe.

Inkunableak, XVI., XVII. eta XVIII. mendeko liburuak, eskuizkribuak, XIX. mendeko obra ugari eta lan kartografikoak dagoz Lau Haizeetara plataforman. Lau hizkuntzatan erabili leiteke, hau da, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. OCR izeneko teknologiari esker, agirietako berben artean bilaketak egin leikiez erabiltzaileek.

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputaduak honakoa azpimarratu dau: Proiektu hau mundu osora heltzeko atea da, Bizkaiko Foru Liburutegiaren aberastasun bibliografikoa eta dokumentala herritar guztien eskuetan jarten dau. Balio historikodun 9.613.677 irudi digitalizau dituela zehaztu dau Bilbaok. Ganera, eten barik eguneratuko dabe Lau Haizeetara, ondare bibliografikoa herritarrei hurreratzeko asmoz.

Plataforma digital honetan balio handiko agiriak dagoz, literaturan edo historian esanguratsuak diranak. Esate baterako, On Kixote-ren eta Bizkaiko Foruaren lehenengo edizino bana dagoz, baita Nafarroako La Oliva monasterioko 1203 eta 1204 urteetako eskuizkribu bi be. Kartografian, aitatzekoak dira Pedro de Teixeirak 1636an Gipuzkoako kostaldea agertzeko egindako mapak.

Euskerearen historian mugarri izan diran liburuak be sartu ditue Lau Haizeetaran. Axular, Kardaberaz, Mogel, Mendiburu eta abarren lanak, baita euskerazko berba batzuk ekarri zituan lehenengo inprentako liburua be, 1533ko Lucio Marineo Siculorena. Erderaz idatzi eben euskal autore garrantzitsuen artean, Garibai, Larramendi, Henao... dagoz.

Lau Haizeetara erreminta librea eta dobakoa da, internet bidez eguneko 24 orduetan kontsultau leitekena. Formatu digitalean bere funtsak jagon eta kontserbau ahal izatea bermatzen dau eta Bizkaiaren ondare bibliografikoaren ikusgaitasuna eta eragina areagotzen ditu, azpimarratu dau Lorea Bilbaok.

Lau Haizeetara ikusteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu