Euskerazko hedabideen jarduerea diruz laguntzeko hitzarmena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-03-04 13:45   Kulturea

Eusko Jaurlaritzea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Hekimen alkartea dagoz tartean.

Akordio honen bitartez, euskal erakundeek euskerazko komunikabideen aparteko garrantzia autortu eta sektorea egonkortzeko apustua berretsi dabe. Erakundeek 10,5 miloe euro jarriko ditue, urtero, komunikabideon lana laguntzeko, orain arte jarten ebena baino 3,1 miloe euro gehiago.

Euskal erakundeetako eta euskerazko hedabide pribatuetako ordezkariak izan dira Tabakaleran egindako prentsaurrekoan. Erakundeen izenean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari nagusia, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerako zuzendari nagusia eta Joseba Perez de Heredia Arabako Euskera, Kultura eta Kirol zuzendaria izan dira. Euskerazko komunikabideen aldetik honako ordezkariak izan dira: Igor Astibia, Hekimeneko koordinatzailea; Iban Arantzabal, Hekimeneko ordezkari eta Tokikomeko zuzendari nagusia; Iban Arregi, Hekimeneko ordezkari eta Berria Taldeko kontseilari ordezkaria; eta Lorea Agirre, Hekimeneko ordezkari eta Jakin aldizkariko zuzendaria.

Akordioa urte biko prozesuaren emoitzea da. Jatorria 2017aren hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskerazko hedabideak batzen dituan Hekimen alkarteak hedabide horreen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri ebenean. Eusko Jaurlaritzea batu zan aurrerago, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek be bat egin dabe. Adostutako hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskerearen sustapenean hedabide horreen garrantzia autortzea. Hortik abiatuta, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu barri bat bilatu da, komunikabide horreek ahalik eta egokien bete deien euskeraz informazinoa emoteko eta eduki interesgarriak sortzeko zeregina.

Eusko Jaurlaritzako 2016-2020 Gobernu Programan komunikabideetan eta ekintza kulturaletan euskerearen erabilerea sustatzeaz berba egiten da. Era berean, Euskerearen Agenda Estrategikoan nabarmentzen da euskerazko hedabideek daben garrantzia erabilerea sustatzeko. Euskerazko hedabide publikoen ekarpen garrantzitsuaz gan, estrategikotzat hartzen dogu hedabide pribatuen lana euskeraz informazinoa emoteko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko bidean. Euskerearen kalidadezko erabilerearen ikuspegitik be ekarpen nabarmena egiten dabe. Hortaz, komunikabideon zereginaren autortza horretatik abiatuta, ikusi genduan beharrezkoa zala orain arte geunkan diru-laguntzen ereduan zenbait aldaketa sartzea. Ganerako euskal erakundeek diagnosiagaz bat egin ebenez, adostasun bat bilatzeari ekin geuntsan, azaldu dau Zupiria sailburuak.

Holan, urte biko prozesuaren ostean, Eusko Jaurlaritzeak, hiru foru aldundiek eta Hekimen-ek adostasuna lortu dabe. Orain arte legez, Eusko Jaurlaritzeak eta hiru aldundiek diruz lagunduko dabe euskerazko hedabideen jarduerea, baina hemetik aurrera erakunde bakotxak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardurea hartuko dau; batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek euren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardurea hartuko dabe. Eusko Jaurlaritzeak, bestetik, euskerearen lurralde osoa hartzen daben izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, bai eta lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak be.

Eredu barri honek aldaketak ekarriko ditu erakundeek hedabideak laguntzeko egingo dituen ekarpenen aldetik. Hitzarmenak diru-kopururik zehazten ez badau be, erakundeek urtero 10,5 miloe euro jarteko konpromisoa hartu dabe 2019-2021 epealdirako, horreetatik Jaurlaritzeak 7,8 miloe euro jarriko ditu. Erakundeek bideratuko dituen diru-laguntza deialdiez gan, eredu barri honi jarraituz, Eusko Jaurlaritzeak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dau Berria euskerazko egunkariagaz. Bestalde, gaurko prentsaurrekoan nabarmendu dabenez, Jarraipen Batzorde bat eratuko da eredu barri honen funtzionamendu egokia jagongo dauena.

Hitzarmena euskerearen sustapenean hedabideek daben garrantziaren autortzatik abiatzen dan neurrian, erakundeek berresten dabe komunikazino proiektu horreek diruz laguntzeko egokitasuna eta beharra. Halan da be, Zupiria sailburuak adierazo dauenez, hedabideen bideragarritasuna ez da erakundeen ardurea izango, proiektu bakotxarena abino. Hori dala eta, erispide orokor lez ezarri da diru-laguntzino bidezko estaldura aurrekontuaren % 30era heldu daitekeela: Herri administrazinook ahalegin azpimarragarria egingo dogu euskerazko hedabide pribatuen jarduerea laguntzeko, baina hedabideen esku geratzen da euren komunikazino proiektuen bideragarritasuna, azaldu dau Zupiria sailburuak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Ana de Castrok nabarmendu dau urtetan zehar egin diran ahaleginak euskerazko hedabideak laguntzeko: Bizkaiko Foru Aldundia ados dago urteetan egindako ahaleginakaz, akordio honen atzean dagoan euskerazko hedabideak bideragarriago egin eta sendotzeko asmoagaz. Era berean, prozesuan zehar Bizkaiko Foru Aldundiak egin dituan ekarpenak azaldu ditu: Akordioaren asmoagaz ados egon arren, zenbait ñabardura egin ditugu prozesuan; batetik, babes berezia adierazo gura deutsagu Bizkaiko gure euskalkia lantzen eta erabilten daben proiektuei. Bestetik, kontuan hartu gura dogu nork babesten dituen gure lurraldeko tokiko eta eskualdeko hedabide gehientsuenak, izan be, ‘gure’ hedabideon —betidanik babestu izan ditugun hedabideon— atzean dagozanak ez dira proiektu enpresarialak, herrietako edo eskualdeetako alkarteak baino, baita norbanakoren bat be. Azkenik, kontuan hartu gura dogu herritarrek emoten daben erantzuna be.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabalek eta Arabako Foru Aldundiko Joseba Perez de Herediak be azpimarratu dabe akordioaren garrantzia. Mendizabalek nabarmendu dau hitzarmenaren oinarri-oinarrian dagoan alkarlana eta laneko moldea: Erakunde guztien eta sektoreagaz batera egindako prozesuaren ondorioz, adostasunez heldu gara honetara. Euskerearen bizibarritzea bidegurutzean dagoan honetan, lankidetza esparruak jorratzea ezinbestekoa da erakunde eta euskalgintzako eragileen artean, gaineratu dau.

Hekimen alkarteko Igor Astibiak adierazo dau akordioa dala norabide egokian emondako lehen pausu bat: Pausu garrantzitsua eta, sektoreak bestelako erronkei ekin ahal izateko ezinbestekoa; baina, esan bezela, sektoreak erronka gehiago be baditu eta ez dira edozelakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu