Burdin Hesiari kultura-ondasun mailea emon deutsie

Bizkaie! 2019-02-28 12:48   Kulturea

Berangon Memoriaren Ibilbide barria atonduko dabe.

Burdin Hesiaren Museoan egindako agerraldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Burdin Hesiak Bizkaiko historian dauen garrantzia eta ondare aldetik dauen balioa aintzat hartuta, egitura horren zatiak eta aztarnak kultura-ondasun bihurtzea erabagi dau, Monumentu Moltso kategorian. Bingen Zupiria sailburua, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro eta Bizkaiko Foru Aldundiko Andoni Iturbe egon dira izendapen barria azaltzeko agerraldian, Berangon. Herri horretako Burdin Hesiaren Museoko zuzendari Aitor Miñambresek eta Berangoko alkate Anabel Landak be hartu dabe parte.

Gerra Zibilean Bilbo babesteko uriaren inguruko udalerrietan eregitako defentsa-lerroa da Burdin Hesia. 1937an, faxistek lerro hori gainditu eta Bilbo menperatu ebenean, Burdin Hesia bertan behera geratu zan, kasu gehienetan sasiak janda edo basoan galduta. Egiturea alde materialetik babesteko asmoz erabagi dau Jaurlaritzeak kultura ondasun mailea emotea. Hesiaren esangura historikoa berreskuratzea eta memoriaren aldeko tresna bihurtzea dira beste helburu nagusiak.

Burdin Hesia garrantzi handiko defentsa-azpiegitura militarra da, adierazo dau Bingen Zupiriak. Oraindino historiaren eta ondasunaren ikuspegitik esangura historikoz betetako aztarnak doguz, oso baliagarriak jazo zana azaltzeko eta iragana hobeto ulertzeko. Balio materiala ez eze, ikuspegi kultural, historiko eta immaterialetik dauen balioa be aldarrikatu nahi dogu.

Gogora erakundea da Burdin Hesiaren inguruko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat, memoria eta bizikidetzea lantzeko dauen garrantziagaitik. Aintzane Ezenarrok azaldu dauenez, 14.000 lagunek hartu eben parte eraikuntzan, 80 kilometroko defentsa-lerro sendoa altzetako asmoz. Gehienak zibilak ziran, tartean emakume eta umeak. Gure herriaren balio demokratikoak, askatasuna eta eskubideak defendiduteko konpromisoan bat etozan personen lan kolektiboa izan zan, bidezkoa ez zan gerra baten aurrean, Ezenarroren arabera.

Ondarearen babesaren ikuspegitik, daukan tamainuagaitik, Donejakue Bideagaz eta Estazino Megalitikoakaz konparau leiteke Burdin Hesia. Babes honen balorazino-txostenak dinoanez, 80 kilometro baino gehiagotan zehar defentsa-tipologia ugari dagoz: lubakiak, babeslekuak, metrailadoreen asentamenduak, baserri gotortuak, moltso gotortuak eta hormigoizko harresiak gezi-leiho eta guzti.

Hesiaren egiturea ez da bardina eremu guztian: Leku batzuetan aztarna ugari dagoz (adibidez Larrabetzun), beste zati batzuetan oso egitura apala dauka (Gueñesen, esaterako, ingurune menditsuak berak sortzen dauelako hesia), eta leku batzuetan ez ziran eregiten hasi. Halandabe, Burdin Hesi osoa babes-espediente beraren barruan sartzea erabagi dabe. Edozelan be, hiru moltsotan banatu ditue babestutako elementuak:

1- Babes berezikoak: Burdin Hesia ulertzeko funtsezko mugarritzat hartzen diran 300 elementu. Bunkerrak, aterpeak, jaurtitzaileen guneak, gotorturiko baserriak...

2- Bigarren mailako babesa: Aztarnak geratzen diran lekuak, horreek ondo aztertzeko datu nahikorik ez dagoenean.

3- Oinarrizko babesa: Burdin Hesiaren inguruan dagoan ingurunea, oraindino gehiago arakatu beharrekoa.

Berango eta Sopela artean dagoan Mendibe-Araneburu babes bereziko gunea da. Hain zuzen be, Berangon egindako agerraldian aurkeztu dabe gune horren inguruko Memoriaren Ibilbide barria. Aztarnak ikusteko bideak txukundu eta seinaleak jarri ditue, nahi daben herritar guztiek ibilaldia egin deien Burdin Hesitik.

Memoria Bideen bitartez gure herriaren oroimen demokratikoa berreskuratzen gabiz, nabarmendu dau Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarrok. Altxamendu antidemokratikoaren ondorioak sufridu zituenen memoria berreskuratu nahi dogu. Foru Aldundiko Andoni Iturbek erakundeen arteko alkarlana eta koordinazinoa txalotu ditu, ondare kulturala gordeteko eta gizarteratzeko beharrezkoak diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu