Fort Romeau, Orpheu The Wizard, Phuong-Dan eta Casper Tielrooij Bilbon

Bizkaie! 2019-02-22 09:16   Musikea

Musika lasaiaren erritmoan jantzan egiteko esperientzia aldarrikatzen hasi zan igaz Bilbao BBK Live.

Erritmo lasaien bidez emoten deusku jantzarako musikeak espazioa, espazioa soinuaren zirrikitu guztiak arakatzeko. Espazioa DJak adierazo nahi deuskun guztia barruratzeko, espazioa gure gorputzak zelan mobidu nahi dauen erabagi daian, espazioa musikan geure modura sartzeko, musikeak horretara bultzatu barik.

Musika lasaiaren erritmora jantzan egiteko esperientzia aldarrikatzen hasi zan igaz Bilbao BBK Live jaialdia, Lasai guneagaz; izenak berak ondo adierazoten dauenez, deskonpresino-puntua izatea dau helburu, jaialdi danatan bizi izaten dan zurrunbiloaren erdian.

Basoa gunearen ondoan kokatuta egongo da eta, beraz, Bilboko begiratoki ezin hobea izango da. Eta filosofia berezia be izango dau, leku egokiena izango baita geldialdia egiteko, deskonektetako eta ondokoa gogoratzeko, jaialdi batean garrantzitsuena ez dala helburuak pilatzea, ibilbideaz gozetea baino.

Lasai gunearen arau bakarra da musikeak minutuko 100 beat ez gainditzea. Beraz, DJek askatasun handia izango dabe esperimentetako eta arriskuak hartzeko. Horretarako lagungarria izango da gunean egoten dan giro lasaia, bertaratzen diranek bai baitakie deskonektetako lekuan dagozala, jantza-pistetako ohiko eginbeharretatik urrun; bestela esateko: espero ez dozun horren bila joateko agertoki egokiena da.

2019. urtean, denpora mantsoetan espezializautako DJak eta euren bildumen txoko ezezagunenak aurkeztu nahi deuskuezan artistak nahastauko dira, barriro be, Lasai gunean. Bertan, house estiloan maisu dan Fort Romeau erritmo mantsoakaz zelan moldatzen dan ikusiko dogu; edo beti geldiezin, Orpheu The Wizard Red Light Radio irratiaren sortzaileetako baten emonaldi eklektikoak. Espero ez dogun hori jazoko da. Eurekaz batera, Dekmantel Europako jantza-jaialdi handienaren sortzaile Casper Tielrooij be izango dogu gure artean; Lasai gunean, segurutik, dub edo afro estiloak edo erritmo brasildarrak ez dira faltauko. Azken buruan, nazinoartean oso ezaguna dan DJ bat zapatuko programazinoaren komisarioa da: John Talabot.

Honako honeek be parte hartuko dabe gunean: DJohnston, Bartzelonako eszena elektronikoaren funtsezko eragileetako bat; Elena Colombi, hautatzaile honek ez deutse jokerei jarraitzen, aurrea hartzen deutse; Fenna Fiction, disko bilduma handia dauena; Julian Falk, igesaldi oniriko batera eroango gaituen atmosferen sortzailea; Miravalles, Bilboko kluben bizibarritzearen erantzuleetako bat; Mislav, Burek zigiluaren sortzaileen bat; Muevelocumbia, Mueveloreina elektro-cumbiako set list berezia emonez; Ninja, Alias korapilatsu horren atzean Europa osoko hautatzaile handienetako bat dago; Nuel, kontzientzia-egoera goratuak sortzen maisua; Olivia, Lasai gunera itzuliko da, sexualidadeaz, behe-maiztasunez eta itxaropen-bakotasunaz betetako set-agaz; eta Sacha Mambo, hamarkada batez baino gehiagoz jardun behar izan dau ausardiak eta abenturak genero-murrizketa danak gainditzen daben set-ak eskaintzen. Danetara, 15 artista igaroko dira Kobetamenditik hiru egunetan, garagarrilaren 11n, 12an eta 13an, Bilbao BBK Live jaialdiak dauen espazio berezienetakoan.

Dub-etik ambient-era, kunbiatik soinu industrialetara eta disko estiloko deribazinoetatik esperimentazino psikodelikora, Lasai gunea estiloen arteko mugan dagoan eta erraz kategorizau ezin dan musika muetea entzuteko plataformea izango da. Azken batean, gauza barriak deskubriduteko preminea elikatzen deuskuna.


BILBAO BBK LIVE / Kobetamendi, Bilbo

BELATZ / THE BLAZE/ BROCKHAMPTON/ CALA VENTO/ CUT COPY/ ERABATERA/ HOT CHIP/ IDLES/ JOHN GRANT/ JONATHAN BREE/ KERO KERO BONITO/ KHRUANGBIN/ MODESELEKTOR live/ MS NINA/ MUEVELOREINA/ NATHY PELUSO/ NICOLA CRUZ live/ NILS FRAHM/ OLATZ SALVADOR/ OMAR SOULEYMAN/ PONY BRAVO/ PRINCESS NOKIA/ ROSALÍA/ SERRULLA/ SHAME/ SLAVES/ SLEAFORD MODS/ THE STROKES/ SUEDE/ THOM YORKE ‘TOMORROW’S MODERN BOXES’/ UNIFORMS/ VETUSTA MORLA/ VIAGRA BOYS/ VINCE STAPLES/ THE VOIDZ/ WEEZER/ YAEJI…

Basoa

ALICIA CARRERA/ ÁLVARO CABANA/ BICEP dj set/ COURTESY/ DJ DUSTIN/ DJ SEINFELD/ HONEY DIJON/ JOHN TALABOT/ KETIOV/ LAURENT GARNIER/ MIDLAND/ MOXIE/ OCTO OCTA/ TAMA SUMO/ TODD TERJE dj set

Lasai

CASPER TIELROOIJ/ DJOHNSTON/ ELENA COLOMBI/ FENNA FICTION/ FORT ROMEAU/ JULIAN FALK/ MIRAVALLES/ MISLAV/ MUEVELOCUMBIA/ NINJA/ NUEL/ OLIVIA/ ORPHEU THE WIZARD/ PHUONG-DAN/ SACHA MAMBO

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu