Chillida Lekuk datorren apirilaren 17an edegiko ditu ateak

Bizkaie! 2019-02-22 08:05   Kulturea

Eduardo Chillida. Oyarak artisteari buruzko erakusketa antologikoagaz ekingo jako.

Museoa aire zabalean jarritako eskulturez eta erakusketa-gune batez osotuta dago, eta XVI. mendeko Zabalaga baserrian kokatzen da. Chillida Leku 2000. urtean sortu zan, artean Eduardo Chillida bizirik zala.

Erakusketearen komisario-lanak Ignacio Chillidak eta museoko ikerketa-taldeak egingo ditue. Erakusketeak artistaren sorkuntza-garapenean ez eze, materialen erabileran eta ibilbide guztian haren burutazinoek izandako bilakaeran sakonduko dau. Erakusketeak burdinez, granitoz, igeltsuz eta papelez egindako obrak batuko ditu, alde batera itxi barik zenbait sail nabarmen, berbarako, Grabitazinoak eta Lurrak.

Baserriaren goiko gelek eskultura publikoari eskainitako ibilbide bat hartuko dabe. Eskultura publikoak aparteko garrantzia izan eban artistearentzat, eta, hain zuzen, haren obra monumentala 40 uritan baino gehiagotan dago. Erakusketearen zati horren arreta-gunea Donostian ezarritako Haizearen orrazia XV eskulturea izango da. Enkargu horrek esangura sakona izan eban eskultorearentzat, eta, oraintsu, babes-maila berezia emon jako, izan be, Monumentu Multzo kategorian sartu dau Eusko Jaurlaritzeak.

Lehen erakusketa honetako piezak ez dira Eduardo Chillidaren Ondorengotzarenak bakarrik; jarriko diran hainbat eskultura oso gitxitan egon dira ikusgai, eta museoek, erakundeek eta bilduma pribatuek egindako maileguak dira. Burdinezko eskultura nabarmenei jagokenez, Deseoso eta Del plano oscuro, bai eta beste zenbait pieza nabarmen be, esaterako Hierros de Temblor, Yunque de Sueños VII eta Buscando la luz III.

Lanen testuingurura hurreratzeko, erakusketan artxiboko material nabarmena egongo da ikusgai, argazkiak, eskuidatzi originalak, gutunak eta eskultorearen ibilbide artistikoaren lehen urteetako erakusketen katalogoak; horreek guztiak Eduardo Chillidaren artxibokoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu