'Bilbao Kultura Wow', 120 proposamen 2019rako

Bizkaie! 2019-01-30 08:02   Kulturea

Uriko eragileakaz bat, gida koloretsua plazaratu dau Udalak.

Argazkiak: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon 2019an egingo diran ekintza kultural garrantzitsuenetako batzuk Bilbao Kultura Wow izeneko agendan batu ditue; 120 ekitaldi, jaialdi edo egitarau guztira. Udalak bat egin dau eragile ugarigaz: Bilbao Ekintza, Arriaga Antzokia, Bilbao 700 Fundazinoa, BilbaoArte eta abarregaz. Beste erakunde batzuen jarduerak be batu ditue, esaterako, ABAO, Zirkozaurre eta Euskaldunarenak.

Estetika koloretsua, pop estilokoa, emon deutsie gideari. Helburua da, uritarrei, bisitariei eta kulturgileei informazino eguneratua emotea Bilboren eskaintza kultural askotariko eta deszentralizaduaren ganean. Bilboko udaletxean egindako agerraldi jentetsuan aurkeztu dabe Bilbao Kultura Wow, Juan Mari Aburto buru dala.

Gidan edade eta gustu guztietako jenteak topauko dau bere neurriko ekitaldiren bat. Urte osoa eta Bilboko barruti guztiak aintzat hartu ditue agendea beteteko orduan. Ez dago urtean egun bakar bat Udalak era bateko edo besteko jardueraren bat eskaintzen ez dauena; hasi abangoardistenetatik eta tradizionaletara, adierazo dabe aurkezpenean.

Euskeraz eta gaztelaniaz, 10.000 ale banatuko ditue udaltegietan, liburutegietan, alkarte kulturaletan eta bestelako ekipamendu batzuetan.

Gidako edukiak bederatzi atal nagusitan banatu ditue:

Emozino eztanda bat alde guztietarantz: Espazio eszenikoen atala da, Arriagatik hasi eta Kalealdira.

Aho bete hagin itxiko zaituen eskaintza artistikoa: Museoetako bildumak eta erakusketak.

Ikusizko arteak, wow... beste barik: Topaketa abangoardistak eta garaikideak batu ditue hemen, BLV-Art, DWeek, FIG eta halakoak.

Letren eta ezagutzearen zabalkundea. Tok tok... jakituriari edegitako bide bat: Urian jaialdi asko dagoz letrei eta sorkuntzeari lotuak. Bilbaopoesia, Gutun Zuria...

Proiekzino eskaintza luze eta ekintza askokoa: Zinemea, teknologia barriak eta abar. Zinebi, FANT, Seriesland... badago non aukeratu.

Sinfonia eztanda bat zure belarrientzat: Musikearen arloko egutegia, tartean Bilbao BBK Live eta Musika-Música dagoz.

Ezagutu Historiaren atzeko historia: Folklorea, tradizinoak, bertso-saioak eta ondarea ezagutzera emoteko jaiak.

Kolore leherketa bat herritar guztiek gozetako: Jaiak eta ospakizun herrikoiak. Aste Nagusia eta Aratusteak dagoz atal honetan, besteak beste.

Ikuskizunak auzoetara heltzen dira uriko azken txokoa be koloreztatzeko: Auzorik auzoko egitarau zabala batzen da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu