Sabino Arana Sariak 2018: sustraiak eta alkartasuna

Bizkaie! 2019-01-28 09:39   Kulturea

170 (gaurkoak zenbatuta, 175) persona, alkartek eta erakundek jaso dabe saria 30 edizino honeetan.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu jn. buru, Sabino Arana Fundazinoak Sabino Arana Sarien XXX. edizioa egin dau bart Bilboko Arriaga Antzokian. Kultura-ekitaldi honetan, ondokoek jaso dabe saria: Txomin Bereciartua abadea eta gizarte- nahiz kultura-eragilea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatua eta Athletic Clubeko presidente ohia eta Michel Camdessus ekonomialaria eta NDFko zuzendari kudeatzaile ohia.

Ekitaldiaren hasieran, Sabino Arana Fundazinoko buruak, Juan Mª Atutxak, gogorarazo dau 170 (gaurkoak zenbatuta, 175) persona, alkartek eta erakundek jaso dabela saria 30 edizino honeetan. Fundazioko buruaren eretxiz, Sabino Arana Sariek etorkizun oparoa dabe, herri proiektua lantzen jarraituko dogulako, Euskadi eta mundu zuzenagoak, gizatiarragoak eta jasangarriagoak lantzen segiduko dogulako, bakean bizi diran Euskadi eta mundua nahi ditugulako.

Geroago, Juan Mª Atutxak XXX. edizino honetako saridunen merezimenduak aletu ditu. Esangura horretan, eskerrak emon deutsoz Txomin Bereciartuari, gizarte eta kultura-arloko ekimen ugariren bultzatzaile izateagaitik eta horreetan parte-hartzeagaitik, bai eta, Bereciartuak egin bezela, sasoi latzagoetan, gazteak eta lan egiteko aukerak, gazteak eta balioak buztartu zituen guztiei be. Dolores Redondo idazleari esker ona adierazo deutso Atutxa jaunak herria, Basque Country, egiteko ereagaitik, Baztango paisajea eta enkantuaren barri milaka kilometrotara zabaldu dauelako, New York, Sidney edo Praga urietara. Juanjo Mena dala eta, nabarmendu dau batuta miresgarri honek Arabako lurraldearen arima eta bihotza guztiz atxikirik daroaz DNAn, bai eta Francisco Escuderoren Illeta edo bere maisu Carmelo Bernaolaren Euskadi. Euskereari Abestia kantatea be.

Ana Urquijoren inguruan, hauxe esan dau Fundazinoko lehendakariak: egindako lanari esker, kristalezko sabaia apurtu dauen emakume honek sekulako bidea egin dau: bardintasunaren kausan. Michel Camdessus, barriz, honela deskribidu dau euskal herritar unibersal honek erakutsi deusku eredu ekonomiko inklusiboagoak bideragarriak dirala, mundu zuzenagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa egin geinkela.

Fundazinoko zuzendaria, Irune Zuluaga, alboan izan dauela, Atutxak lehen sariduna hartu dau Arriagako agertokian, hau da, Txomin Bereciartua abadea, kulturearen eta gazteen aldeko erakunde askoren sustatzailea. Laster 90 urte beteko dituala (bagilaren 24an beteko ditu), Bizkaiko uriburuko Dendarikalen jaio zan gizarte eta kultura-arloko ekintzaile bilbotar honek gogoan erabili dau agertoki honetara igon eban lehen aldia, 10 urte zituala ipotxarena eginda abesteko, Begoñako organo jotzaile eta gure koru txikiaren zuzendari zan Zubizarreta maisuaren Edurnezuri eta zazpi ipotxak izeneko operetan.

Laurogei urte geroago, agertoki berean, Bereciartuak bere proiektuei lotu jaken eta, haregaz batera, korua osotu daben lankide eta lagunak gogorarazo ditu, izan be, Txominen esanetan, berak egindako lan aguztiak askoren artean abestutako koruko lan ederra izan da. Eta fededuna izanik, koru horretako abeslaririk behinena Jaungoikoa dala esan dau.

Eta jaioterritik, Euskaditik, Jaungoikoari eskerrak emon deutsoz abadeak beti izan dituan aldartea, izakerea eta jarduteko modua eta burua oparitzeagaitik, azkena arakatzen, saiatzen, laguntzen, sustatzen, danak batzen eta taldea sortzen ibilten dalako beti. Bestetik, esker ona adierazo dau familiaren beroagaitik.

Berbaldiaren amaieran, Bereciartuak itxaropen-deia egin deusku: Etorkizuna hilten daben aldi eta garai nahasiak bizi izatea egokitu jaku. Jaio ginan mundua hilten dago. Piztu daigun itxaropena. Mundu zuzenagoa eta jatorragoa birjaioko (sortuko) da honen hautsetatik.

Geroago, egun Cintruénigo (Nafarroa) herrian bizi dan Dolores Redondo idazle donostiarrak jaso dau saria. Redondok, beste beste, Baztango trilogia idatzi eta Planeta saria jaso dau. Doloresen esanetan, nire lan guztietan, gertalekuen hautapena barru-barrutik ateratzen da, nire sustrai eta kulturatik, ni naizen muinetik, eta hilten nazenean, ni estaliko nauen lurretik. Ni jaio eta hazi nintzeneko familia-muetaren barrenetik, errespetetan eta miresten ditudan emakumeetatik, maite ditudan gizonetatik. Lur aberats batetik, ha zabaltzen eta personaiak igaroten diraneko gertaleku huts izateari ixten deutson lur honetatik, zepzer bizi eta indartsu bilakaturik, izan be, fikzinoa sinisgarri egiten dauen gauza bakarra norberaren zintzotasuna da idazten dauenean.

Agertokira igon dauen hurrengo sariduna Juanjo Mena gasteiztarra izan da, hau da, nazinoarteko orkestra-zuzendaririk ospetsuenetako bat. Agertokitik, Juanjo Menak laguntza handiagoak eskatu deutsez Hezkuntza eta Kulturako erakundeei: Jar daigun koru-zuzendari bat, musikari bat herri honetako ikastetxe guztietan eta inbersinoa egin daigun gure gizartearen etorkizunean, aldarrikatu dau. Egun berezi honetan, Juanjo Menak ez ditu ahaztu nahi izan bidean lagundu deutsien guztiak, besteak beste, familia, bere maisu eta aholkulari Carmelo Bernaola, eta entzule nahiz zaleak.

Ana Urquijo abokatu eta Athletic Clubeko presidente ohia emakume aurrendaria dogu hesiak apurtzen bardintasuneranzko bidean, gizonezkoak oraindino be nagusi diran arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan. Ana Urquijoren konpromisoari eta borondate sendoari esker, arinago beste emakumerik inoiz heldu ez zan lekuetara heldu da bera, izan be, lehen emakumea izan zan Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zan Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an.

Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazinoak aintzat hartu nahi ditu egunero-egunero kristalezko sabaia apurtzen daben emakume guztiak eta, gizarte bardinkidearen auzolanari euren eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen deutsienak.

Azkenik, Baionan sorturiko Michel Camdessus euskal herritarrak, XX. mendearen azken hereneko ekonomialaririk eraginkorrenetakoak, hauxe esan dau: goitik beherako aldaketak jazoten dagozan aro honetan, lur honetako gizon-emakumeek unibersaltasuna aldarrikatu behar dabe, apaltasunez baina, era berean, eraginkortasunez, hiru eratan: lehenengoz, gogoz eta bizimoduz, unibersaltasunaren eta adiskidetasunaren balioei lotuz. Bigarrenez, tokikoaren eta unibersalaren arteko lotura estu eta alkarren artekoari eutsiz, hemen egiten ditugun gauzarik onenak munduari eskainiz, esate baterako, ekonomiaren krisialdi sakona bizi izan dogun urte honeetan, komunidadea aintzat hartzen dauen enpresa berezi baten erantzun bikaina, Mondragon taldeko kooperatiben indarra, hainzuzen, erakutsiz.

Hirugarrenez, 1987 eta 2000 urteen artean, Nazinoarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaile ibili zanak nabarmendu dau behar-beharrezkoa dala jokamolde aldeaniztuna sendotu behar dogu protekzionismo baztergarri eta atzerakoiak dakarzan mehatxuen kontra; emon deiotsagun Europari bizi gareneko aroak behar dauen moldea, kontinente edegiaren izakerea (Joan Paulo II.a) aditzera emoten dauen moldea; azken batean, emon deiotsagun NBEari eta Bretton Woodseko erakundeei ezinbestekoa daben babesa munduko erantzunak nagusitu daitezan gaurko eta biharko arazoei aurre egiteko.

Urkullu lehendakariaz gan, politika, kultura eta gizarte esparruetako persona esanguratsu ugari izan dira ekitaldian, besteak beste, María Solana, Nafarroako Gobernuko bozeroailea; Bilboko alkatea, Juan Mª Aburto; Donostiako alkatea, Eneko Goia; Eusko Legebiltzarreko burua, Bakartxo Tejería; Bizkaiko ahaldun nagusia, Unai Rementeria; Arabako diputadu nagusia, Ramiro González; EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar; EAJ-PNV alderdiaren BBBko presidentea, Itxaso Atutxa; Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Ana Otadui; Bizkaiko Batzar Nagusietako burua, Pedro Elosegi; EUDELeko burua, Imanol Landa; Athletic Clubeko presidentea, Aitor Elizegi; Deustuko Unibertsitateko errektorea, José Mª Guibert; Mondragón Unibertsitateko errektorea; Josu Erkoreka, Pedro Azpiazu, Jon Darpón, Bingen Zupiria, Cristina Uriarte, Estefanía Beltrán de Heredia eta Arantza Tapia sailburuak; Brasilgo konsula, Tomás González; eta legebiltzarkide, diputatu, senatari eta zinegotzi ugari.

Sara Gandara kazetariak ekitaldia gidatu dau eta Havana 537 musika-taldeak, hau da, bost kubatar, kolonbiar batek, perutar batek eta emakume bilbotar batek osotutako zortzikoteak girotu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu