EHUk Urrezko Dominea emon deutso Eusko Ikaskuntzari

Bizkaie! 2019-01-25 13:25   Kulturea

Euskal unibersidadea sortzearen alde egindako lanagaitik omendu dabe.

Nekane Balluerka, IƱaki Dorronsorori dominea ipinten (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Ikaskuntzak ehun urte bete barri ditu. 1918an Oñatin sortu ebenetik, euskal unibersidadearen aldeko eragile bihurtu zan, Euskal Herri osoan zabaldutako baina zuzendaritza bateratua izango eban unibersidadearen alde hain zuzen. Behin EHU sortuta, erakunde bien arteko lankidetzea etenbakoa eta oparoa izan da, ganera.

Hori guztia aintzat hartuta, EHUren Urrezko Dominea emon deutsie Eusko Ikaskuntzari. Donostian egindako ekitaldian, Nekane Balluerka errektoreak jantzi deutso dominea lepoan Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariari. EHUk autortu egiten ditu Eusko Ikaskuntzak mende batez egindako lan eta ahaleginak, eta autortzeak ez dakar iraganean gelditzeko asmorik, aurrera joteko gonbidapena da, adierazo dau Balluerkak.

Iñaki Dorronsorok eskerrak emon deutsaz unibersidade publikoari, eta holan azaldu dau Eusko Ikaskuntzaren zeregina: Euskal gizartearen inguruko azterketea egiteko, ikerketea sustatzeko eta ezagutzea mobilizetako erakundea da, eta sortu dan gizartearen oinarrizko preminen, egungo problematiken eta etorkizuneko erronken inguruan pentsetako eta jarduteko lurraldez gaindiko gune bat eskaintzen dau. Administrazinoen arteko zatiketak gaindituta, erakundeen arteko zubiak beharrezkoak dirala ganeratu dau.

Juanjo Alvarezek, EHUko Nazinoarteko Zuzenbide Pribaduko katedradun eta Eusko Ikaskuntzaren 2015eko saridunak, egin dau ekitaldiko laudatioa. Apaltasun intelektualak zuzendurik, euskal gizartearentzat proiektu baliogarriak preparetan, eta orain egitasmo horreek errealidade autonomoak bihurtu eta rol sortzailea garatzen dabe hainbat arlotan, zuzenbidean, kulturan, zientzietan eta euskeran, esaterako, aitatu dau Alvarezek.

EHUk 1983an sortu eban Urrezko Dominea, persona fisiko edo juridiko, pribadu zein publikoei zuzendua, jarduera akademikoan edo emondako zerbitzuetan nabarmendu badira. Orain arte, Eusko Ikaskuntzaren aurretik, 19 saritu egon dira: Eduardo Chillida, Pedro Migel Etxenike eta Mikel Laboa, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu