Getxo Antzokiak era progresiboan edegiko ditu ateak

Bizkaie! 2019-01-25 10:37   Kulturea

Getxo Antzokiak martian zabalduko ditu ateak obratan 10 urte emon ostean.

Getxoko Arte Eszenikoen Zentroak urteko lehen hiruhilekoan zabalduko ditu bere ateak, era progresiboan. Holan, bat egingo dau proiektu berean sartutako eta aspaldi gauzatutako beste jarduketa batzuekaz: Musika Eskolea (600 ikasle inguru dagoz eta 2015ean inaugurau eben); San Nikolas plazea urbanizau, herritarren bizikidetzarako eta gozamenerako; San Nikolas plazearen azpian aparkalekua egitea; Basagoiti etorbideko nahiz San Nikolas eleizako irisgarritasuna hobetzea; eta Andrés Cortina kaleko zati bat oinezkoentzako egitea.

Proiektu guztiaren emoitzea arte eszenikoei zuzendutako eraikin barriaren mailakako edegiereagaz amaituko da orain, eta urte-amaierara arte iraungo dau prozesu horrek; izan be, ezaugarri horreetako ekipamenduak abian jarteko, ohikoena eta logikoena izaten da apurka-apurka eta era progresiboan egitea, funtzionamendu zuzena eta instalakuntza guztien muntatzea ziurtatzeko. Horregaitik, 2019a zentroa posizionetako urtea izango da.

Zentro barriak herritarrentzako bisita gidatuak antolatuz zabalduko ditu ateak; bisitak behar danean iragarriko dira. Eta Kultur Etxea lanean dabil programazinoa atontzen. Dagoeneko aurreratu daiteke zinema komertziala eskainiko dala egunero (ohiko zinema-zikloez gan) eta bertako hiru entzunaretoek eta erabilera anitzeko-gelak badabela izena: Getxoko hondartzena. Areto bakotxak hondartza baten izena dauka, bere gaitasunaren arabera ipini jakona; holan, areto handienak hondartza handienaren izena dauka.


Antzoki bat baino askoz gehiago da

Antzokiaren hasierako proiektua proiektu askoz handiagoa izan zan, inguruko herritarrek, kultur alkarteek eta udaleko Arkitektura zein Kultura teknikariek egindako iradokizunen ondorioz. Arte eszenikoen diziplina guztietan edozein ikuskizun barne hartzeko asmauta dago; eta egungo eskaintzea zabaldu ez eze kalidade handiagoa eskaintzea be ahalbidetuko du eta beraz udalerriaren kultur hobekuntzea bultzatuko da, getxotarrek adierazpen, sormen eta ikasteko bideak eukiko dituelako, programazio handiagaz batera.

Arte Eszenikoen Zentro barriak hiru entzunareto ditu, erabilera anitzeko hitzaldi-areto bat, atondoak -azoka, biltzar, erakusketak... barne hartzeko galeriak bezela erabili daitekezanak-, jatetxe bat eta lau edaritegi. Horrezaz gan, bere ekipamendu eszenikoa goraipatu dabe artearen eta kulturgintzearen hainbat eremutako profesionalek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu