Iker Badiolak Real Academia Galega de Ciencias alkartearen saria irabazi dau

Bizkaie! 2019-01-25 08:22   Kulturea

Koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia % 80 murriztea lortu da.

Iker Badiola, Ines Fernandez PiƱeiro eta Alejandro Sanchez | Ikusi handiago | Argazki originala

Iker Badiolaren taldeak (Signaling Lab) Santiago de Compostelako Unibersidadeko, Biodonostia-Osasun Ikerketa Institutuko, Düsseldorfeko (Alemania) Unibersidadeko Ikerketa Mediko eta Biologikoen Zentroko eta Frantziako Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Institutu Nazionaleko ikertzaileakaz lankidetzan gauzatu dau teknologia.

Real Academia Galega de Ciencias alkarteak saritu dauen taldeak koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia % 80 murriztea lortu dau. Horretarako, nanopartikulak erabili ditue, tumore zeluletara heltzen diran odol hodien hazkuntzea geldiarazoteko eta, era horretan, zelula horreetarako oxigenoaren eta elikagaien ekarpena murrizteko, zelulen hazkuntzea be txikiagoa izan daiten. Errekonozimenduaz gan, 6.000 euroko saria jaso dau taldeak.

Terapia hori zortzi urteko lanaren amaierea da. Proiektua gauzatzeko, hainbat jakintza arlotako (biologia molekularra, farmazia, proteomika –proteinen eta, euren egiturea eta funtzinoaren eskala handiko azterketea– eta biologia konputazionala) zenbait taldek parte hartu behar izan dabe, adierazo dau UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko Signaling Lab ikerketa taldeko kide Iker Badiolak.

Bestalde, metastasiaren kontrako teknologia barri hori nanopartikulak erabilten dituen beste batzuk baino askoz merkeagoa da, eta, ganera, sinplea eta eraginkorra. Hori dala eta, patente nazional bat lortu dau, eta nazinoartean eskatzeko prozesuan dago: Egin dogun ikerketeari azken bultzadea emoteko eta, era horretan, etorkizunean gizakiakan aplikau ahal izateko une kritiko batean gagoz. Fase klinikoan sartzeko ahalmena dauen farmazia industria bategaz alkartu behar dogu, adierazo dau Badiolak. Badiolarentzat, positiboa da metastasiaren neurria % 80 murriztu ahal izatea, baina argi dauka inoiz tratamendu legez erabilten bada, tratamendu osogarria izango dala. Ez da ahaztu behar metastasiak % 20ko proportzinoan hazten jarraitzen dauela; ganera, tumore zelulak ez dira suntsitzen, ez jake zuzenean erasoten. Edozelan be, oraindino ez dabe dosi-erantzun azterketarik egin, eta leitekeana da azterketa horreek metastasia ehuneko handiagoan murrizteko aukerea emotea. Metastasiari aurre egiteko lortutako estrategiak elikagaien eta oxigenoaren ekarpena mugatzen dua; hau da, laguntzinoa murrizten deutsagu.

Kontuak kontu, Iker Badiolaren UPV/EHUko taldeak zelulen portaera aztertu badau be, eta Alejandro Sánchezen Santiago de Compostelako Unibertsitateko taldeak, barriz, nanopartikulak diseinau baditu be, beste zentro batzuen laguntzinoa be jaso dabe, Biodonostia institutuarena, Düsseldorfeko Unibersidadearena, Bordeleko Unibersidadearena eta UPV/EHUko SGIKER Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu