Bilboko Udalak % 19 gehiago emongo deutso Arte Eder Museoaren Fundazinoari

Bizkaie! 2019-01-23 08:22   Kulturea

Miloe bi euro baino gehiagoko aportazinoa izango da 2019koa.

Bilboko Udala da Arte Eder Museoko Fundazinoaren kideetako bat. Museoaren jarduera-programea aurrera eroateko urtero Udalak emoten deutsan diru-laguntzinoa era nabarmenean igongo dau aurten, museoaren helburu kulturalak bete daitezan. Zehatz esanda, 2.033.000 euro izango dira, 2018an baino % 19,1 gehiago.

Fundazinoaren helburu nagusia da museoaren arte-bildumea sustatu eta garatzea, eta hezkuntzearen eta euskal kulturearen inguruko ekimenak abian jartea. Udalaren ikuspegitik, ostera, kulturea funtsezko tresnea da Bilboren garapen ekonomikorako eta uriaren irudia nazinoartean kokatzeko. Ganera, funtsezko osagaia da balioen eta gizartearen garapenerako.

Bilboko Arte Eder Museoaren Fundazinoa 2000. urtean sortu eben museoaren hiru jaubeek, hau da, Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Harrezkero, fundazinoaren zeregina da bilduma artistikoa batu, jagon, ikertu eta gizarteari erakustea. Antxinako artea, modernoa zein garaikidea dagoz museoan.

Horrezaz gan, fundazinoaren ardurea da museoari aberastasuna emotea, jarduera kulturalen eta zerbitzu barritzaileen bidez. Balio kulturalak urian zabaltzeko ezinbesteko tresnatzat jo dau Bilboko Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu