Sridhar Rangayan zuzendariak jasoko dau Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria

Bizkaie! 2019-01-22 12:45   Zinemea

Zinegoak-ek Sari Berezia emongo deutso Apoyo Positivo gobernuz kanpoko erakundeari.

Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak-ek aurtengo Ohorezko Saria emongo deutso Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, produktore eta ekintzaileari. Indiako zinemagilea Kashsish Bombayko Queer Zinema jaialdiko zuzendaria da (Indian sexu-aniztasuna lantzen dauen jaialdi bakarra eta Asiako garrantzitsuenetakoa). Rangayan Bilbora etorriko da saria jasoten, Zinegoakeko inaugurazino ekitaldian izango da, zezeilaren 18an, Arriaga Antzokian. Horrezaz gan, hilaren 17an, Evening Shadows bere azken lana aurkeztuko dau BBK aretoan, doban.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu dauen legez, Rangayanek hamarkada bi daroaz giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zinemeak gai ezbardinei ateak edegi deutsee eta zentsurautako ahotsen istorioak kontau ditu.

2001. urtean, Rangayanek Solaris etxea sortu eban Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoagaz batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializautako Indiako lehenengo produkzino etxea da.

Bombayko queer jaialdiak 10 edizino bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da. Horrezaz gan, Solarisek Flashpoint Human Rights Festival jaialdia be antolatzen dau, giza eskubideak ikuspegi zabalago bategaz lantzeko asmoz. Holan, Guillenen berbetan, produkzino etxea tresna boteretsu eta eraldatzailea da, eta, horren bidez, Rangayanek bere konpromiso militantea kultura eta ikus-entzunezko produkzinoagaz lotu dau.

Solarisek egin dauen lanaz gan, Rangayanek hainbat film zuzendu ditu, eta guztietan LGTB edukiak oso presente egon dira:

- Gulabi Aaina, 2003 (The pink mirror / Ispilu arrosa). Indiako trans errealidadea modu zuzenean lantzen aduen lehenengo pelikulatzat joten da.

- Yours emotionally, 2006. Indiako jatorriko gizon homosexual britainiar bat uri txiki bateko gazte bisexual bategaz maiteminduko da. Bertan, Rangayanek arrazismoa eta kultur identidadea lantzen ditu, eta, lehenengo aldiz, LGTB kolektibo ezbardinetako 100 persona baino gehiagok parte hartu eben, besteak beste, Mumbaiko Humsafar Trust edo Gujarateko Lakshya.

- 68 pages, 2007, GIB birusa daben personek sufriduten daben estigma eta bazterketeari buruzkoa.

- Purple skies, 2014 eta Breaking free, 2015, LGTBfobia instituzionalizatuaren inguruan. 2018. urtean, Evening Shadows bere azken lana aurkeztu eban. Pelikula honek istorio unibersala dakar: pelikula familiarra da. Gay istorio bat konteteaz gan, Indiako emakumeen errealidadea kontetan dau, gizarte patriarkal baten testuinguruan.

Azken urteetan, Indian sexu-aniztasunagaz lotutako hainbat urrats emon dira. 2018. urtean, esate baterako, Indiako Auzitegi Gorenak 377. artikulua legez kanpo itxi eta, horri esker, homosexualen arteko hartu-emonak ez dira legez kanpokoak gaur egun. Sridharrek eta beste hainbat ekintzailek egindako lanari esker aurrerapausu horreek emotea lortu da. Espero dogu aldaketa sozial eta legal horreek Rangayanentzat bultzadea izatea eta bere sormenagaz jarraitzea, bere lanak ederrak eta hunkigarriak izateaz gan, batez be beharrezkoak diralako.


Sari Berezia Apoyo Positivo alkartearentzat


Bi urterik behin, jaialdiak sari berezi bat eskaintzen deutse ezaugarri sozial eta militantea daben eta ikus-entzunezkoak lantzen dituen norbanako, alkarte eta erakundeei. Fernando Diez produktorearen eta Ugandako Queer Kampala jaialdiaren ostean, aurtengo Sari Berezia Apoyo Positivo (A+) alkartearentzat izango da. Aurten, alkarteak 25 urte bete ditu.

Gobernuz kanpoko erakunde honek aniztasuna bultzatzen dau, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntzea eta eskubideak. Apoyo Positivok ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu eta belaunaldi barriakaz bat egin dau. Hainbat gairen artean, GIB edo LGTBfobia landu ditue.

Estoy Bailando-gaz alkarlanean, Apoyo Positivok Eli edo Diversos (mundu mailako estreinaldia 2015. urteko Zinegoaken izan zan) lako film laburrak sortu ditu. Horrezaz gan, Indetectables webserie ezaguna egin dau. Bertan ikus-entzunezkoen hainbat arpegi ezagun agertu dira eta on-line edukietako plataforma handietan ikus daiteke.

Zinegoakek sari berezi hau Apoyo Positivo alkarteari emon gura izan deutso aniztasuna gaur egungo ikus-entzunezko erremintakaz erabilteko egin dauen apustuagaitik, hizkuntza barritzaile, eraginkor eta zuzena erabiliz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu