Euskerazko mikroipuinen lehiaketea antolatu dabe Basaurin

Bizkaie! 2019-01-16 08:05   Kulturea

Herrikoek zein kanpokoek hartu leikie parte sariketearen bigarren edizino honetan.

Hitz-erdiko kontaketak lehiaketearen bigarren edizinoa martxan da, Basauriko Udalak jakitera emon dauenez. Baldintza nagusi bi bete behar ditue parte-hartzaileek: Istorioa antolatzaileek emondako esaldiagaz hastea, eta gehienez ehun berba idaztea. Istorioak hasteko esaldia hau izango da: Ezin zitekeen egia izan... 12 eta 35 urte bitartekoek hartu leikie parte, Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatu dauen ezkero. Elkar Kulturgintzak eta Geuria aldizkariak be lagundu dabe.

Hain zuzen be, mikroipuinak hasteko emondako esaldi hori igazko istorio irabazlearen azken esaldia da. Orain, aurkezten diran kontakizunen hasierea izango da. 2018ko edizinoan 89 istorio aurkeztu ziran. Hiru deialditan banatu eben urtea, eta azken deialdiko sari nagusia Itxaro Juaristik irabazi eban. Gazteen saria Alaitz Diazentzat izan zan.

Gazteen Elkar Saria 12 eta 17 urteko neska-mutilen artean erabagiko dau epaimahaiak. 75 euroko erosketa-bonoa emongo deutsie irabazleari. Sari nagusirako hautagai, ostera, parte-hartzaile guztiak izango dira, eta 200 euroko saria dabe zain. Leku guztietako partaideak onartuko ditue, baina istorioak  euskeraz idatzita egon behar dira derrigorrez. Irabazleen kontakizunak Geuria-n argitaratuko ditue.

2019ko edizinoko lehenengo deialdia martiaren 14an amaituko da. Parte-hartzaile bakotxak nahi beste kontakizun aurkeztu leikez. Oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu