Bertsolari gazteentzako VIII. Mikel Laboa Sariketea, domekan

Bizkaie! 2019-01-09 09:32   Bertsolaritzea

Sei bertsolarik hartuko dabe parte.

Mikel Laboa hil zaneko 10. urteurrena bete barri, edizino berezia izango da aurtengoa bertsolari gazteentzako lehiaketa honetan. Donostian, Antiguo auzoko Doka Kafe Antzokian jokatuko da Mikel Laboa Sariketako finala, domekan, hilak 13. Saioa 17:00etan hasiko da.

Sei bertsolari gazte lehiatuko dira: Irati Alcantarilla, Aitor Etxebarriazarraga, Jon Gurrutxaga, Nahia Ibarzabal, Haritz Mujika eta Itxaso Piquer. Bertsolariek egin beharreko ariketak honeek izango dira: 8ko handian hiruna bertso, 8ko txikian beste hiruna, 10eko txikian beste hiruna, bina punturi erantzun eta berba bati bertsoa.

Puntuazinorik onena daben bertsolari biek buruz burukoa jokatuko dabe, behin betiko irabazlea zehazteko. Azken fase horretan be, danetariko ariketak izango ditue: Sei puntuko motzean hiruna bertso, puntutan sei bertso osotu arte, eta, azkenik, hiruna bertso, nahi daben doinu eta neurrian.

Aurretik jokatutako zazpi edizinoetan, honeek izan dira Mikel Laboa Sariketako irabazleak: Unai Gaztelumendi (2012), Asier Azpiroz (2013), Maialen Akizu (2014), Nerea Ibarzabal (2015), Unai Mendizabal (2016), Nahia Sasco (2017) eta Joanes Illarregi (2018).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu