'Munduko talderik onena' erakusketea aurrera doa Otxarkoagan

Bizkaie! 2019-01-09 08:50   Kulturea

Galder Reguera, Aixa De la Cruz, Jon Agiriano eta Tomás Ondarra, talde zurigorriaren inguruko barriketaldian izango dira gaur.



Ezbardinak emoten daben arlo bi, futbola eta literaturea, gaur urtarrilak 9, eguaztena, bateratuko dira Bilbon, Otxarkoagako Auzo Etxean, bertako nobelagile bi (Galder Reguera eta Aixa De la Cruz), Jon Agiriano, kazetari eta idazlea, eta Tomás Ondarra ilustratzailea parte hartuko daben barriketaldian. Pasa dan irailean bilbaoDendak alkarteak Athletic taldearen pasinoa denda eta ostalaritza establezimenduetan zabaltzeko antolatu eban Munduko talderik onena erakusketa ibiltariaren barruan dagoan dobako topaketa librea da.

Gabonaldiaren ostean, ekimena martxan jarri da berriro auzo desbardinetako ibilbidegaz amaitzeko. Lehenengo geltokia (gaurtik aurrera eta urtarrilaren 27ra arte) Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxu auzoen taberna eta saltokietan izango da, ondoren (urtarrilaren 29tik zezeilaren 16ra arte) Errekalde, Zorrotza eta Basurtuko establezimenduetan aurkezteko.

Erakusketa ibiltariari barriro hasierea emoteko, bilbaoDendak merkataritza eta turismo jarduerea sustatzeko alkarteak literatura eta Athleticen koloreakanako zaletasuna bateratzen dauen barriketaldia antolatu dau, izan be, erakusketa ibiltariaren jatorria El Mejor Equipo del Mundo liburuan dago, 2017an argitaratutako liburua Athleticen historia eta mitologiari errepasoa eginez.

Barriketaldia gaur, urtarrilaren 9an, eguaztenean, izango da, 19:00etan, Otxarkoagako Auzo Etxean (Pau Casals, 17). Bertaratzea dobakoa eta librea da aretoaren edukierea bete arte, eta sortze-lana futbolagaz, kolore zurigorriakaz, lotzen daben hiru egileen parte hartzeagaz:

· Galder Reguera (Bilbo, 1975) idazlea da, arte kritikoa eta Athletic Fundazinoaren ekintzen arduraduna. Urtero klubak antolatzen dauen Letrak eta Futbola jaialdia zuzentzeaz gan, 2017an, Hijos del Futbol argitaratu eban, belaunaldiz belaunaldi kirol honen inguruan jasotako pasinoaren bere historia personala.

· Aixa de la Cruz (Bilbo, 1988) Literatura Teoria eta Literatura Konparatzailean doktorea eta idazlea da. Lau nobela eta kontaketa bat argitaratu ditu, hainbat antologietan kolaboreteaz gan, zenbait sari lortuz. Horrezaz gan, Katixa Agirre idazleagaz batera, Talismania liburuan kolaborau eban, Athletic Club Fundazinoak 20.000 ale banatuz 2018ko Letrak eta Futbola Jaialdian.

· Jon Agiriano (Bilbo, 1964) Informazino Zientzietan lizentziaduna da UPV/EHUn. 1986an, El Correon lan egiten hasi zan eta 1997 urtera arte Erreportaje sekzinoaren parte izan zan, urte horretan bertan Kirol atalean hasiz Athleticen kronista legez. Lo Mejor del Futbol (A Fin de Cuentos) argitaratu barri dau, kirol honen gauzarik onenak ezagutzera emonez: alkartasuna, ausardia, fideltasuna, zintzotasuna, adiskidetasuna... Zure kirol gogokoenaren inguruko istorio eredugarriak, laburbatzen dau izenburuagaz doan esaldiak.

· Tomas Ondarra (Bilbao, 1963) El Pais egunkariaren infografia eta ilustrazino erredaktore burua da, baita ilustratzailea be, De Bilbao de toda la vida lako lanakaitik bere jatorrizko urian ezaguna. El Mejor Equipo del Mundo liburuko irudien egilea da, Carlos Ranedo egileagaz batera egindakoa eta erakusketearen jatorria. Azken hauteskundeen ostean, Klubaren Zuzendaritza-Batzordean dago.

Erakusketa Ibiltaria pasa dan irailean aurkeztu eban bilbaoDendak-ek, eta ordutik, Abando, Deustu, Uribarri eta Alde Zaharra auzoetatik ibili da. Saltoki eta ostalaritza establezimenduetan ikusgai egongo diran 50 estanpa dira guztira, lehengo eta egungo jokalari mitikoak, sasoi batean garrantzitsuak izandako entrenatzaile, presidente eta zale ospetsuak, estadio zaharra zein barria eta Clubaren ehun urteko historiak dauen anekdota-bildumea.


Liburuen eta Kutxabank Athletic Esperientzia zozketea

Historia eta anekdota-bilduma erakustaldiaz gan, horri lotutako zozketeta bitan parte hartzeko aukerea dago; alde batetik, erakusketa denporaldian edozein saltoki alkartuan erosketen bat egiten dabenek, El Mejor Equipo del Mundo liburuaren 50 aleen zozketan parte hartu ahal izango dabe. 25 liburuko zozketa bi antolatu dira, erakusketa bakotxari jagokon epean (urtarrilaren 27ra arte Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxun, eta urtarrilaren 29tik zezeilaren 16ra Errekalde, Zorrotza eta Basurtun). Parte hartzeko www.bilbaodendak.eus webgunean sartu eta formulario orria bete besterik ez da egin behar.

Beste alde batetik, bilbaoDendak eta Kutxabank-ek Athletic esperientzia sortu dabe merkatari zein bezeroentzako, egun ahaztezinaz gozau deien. Horretarako, antolatutako zozketaren batean parte hartu eta ganera Kutxabank bezeroak diranen artean, persona birentzako sei Kutxabank Athletic Esperientzia zozketatuko dira. Sariak futbol-egun oso batez disfrutetako aukerea emoten dau, San Mames zelairako sarrerea, Azurmendi Jatetxean bazkaria eta bestelako hainbat sorpresa. Euren saltokia zuri-gorri gaiagaz ondoen apaintzen dabenek be, Kutxabank Esperientzia lortzeko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu