Turismo enpresak sortzeko idea lehiaketea atondu dabe Bilbon

Bizkaie! 2019-01-08 09:36   Kulturea

Asmoa da Bilboko Zazpi Kaleen auzoan turismoaren eta kulturearen arloetako enpresak eta jarduerak sustatzea.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, Uriko Zazpi Kaleetarako Ingurumen-jasangarritasunezko enpresetarako idea lehiaketea atondu dau, Zazpi Kaleak proiektu estrategikoaren barruan. Ekimen horren bidez, turismoaren eta kulturearen arloetako enpresak eta jarduerak sustatu nahi dira, laguntzak emonez turismoa sustatzeko tresnak hobetzeko, edo turismo-produktu barri eta barritzaile bat sortuz eta finkatuz, betibe ingurumen-jasangarritasunezko turismoaren oinarriak begiratzen baditue; halakotzat joten dira, Munduko Turismo Antolakundearen arabera, bisitarien, industriaren, ingurumenaren eta komunidade hartzailearen beharrizanak asetzeko orduan, egungo eta etorkizuneko eraginak erabat aintzat hartzen dituan turismoa.

Lehiaketa honen bidez, Zazpi Kaleetan eskaintzen diran jarduera eta baliabide guztien balioa jarri nahi da agirian, eta, era berean, sustatu nahi da turismo-produktu barriak garatzea, inguruagaz eta haren nortasun eta kokamendu-faktoreakaz loturea dabenak.

Dagoeneko eratuta dagozan enpresak aurkez daitekez, edo enpresa barri bati ekingo deutsien personak be bai, edozein jarduera-arlotako enpresa-proiektuakaz, betibe turismoaren arlorako ekimen esanguratsu eta bakarra badakar (lehendik diran produktuak sustatzea, edo turismo aukerako gune edo produktu barri bat proponidutea, edo tresna barriak erabiltea...), eta ingurumen-jasangarritasunaren baldintzak beteten baditu, ikuspegi hirukotx honegaz: eragin sozialak, ekonomikoak eta ingurumenaren ganekoak. Baldintza horreez gan, orobat eskatuko da zerga-egoitza eta/edo soziedade-egoitzea Bilbon izatea.

Eskabideak eta konsultak formatu digitalean egin behar dira, helbide honetan: proyectocascoviejo@bilbaoekintza.bilbao.eus. Era berean, eskabideak aurkezteko epea 2019ko zezeilaren 7an amaituko da, 13:00ean.

Lehiaketan finalista izango diran proiektuek formazino eta aholkularitza berezituko zerbitzuak erabili ahal izango ditue, eta, holan, proposamen irabazleak 6.000 euroko diru-laguntzino bat eskuratuko dau, eta saritutako produktuak be Udalaren sustapena izango dau, Bilbao Turismoren bidez.

Batzorde tekniko batek honako honeek balorauko ditu: idearen bideragarritasuna, talde sustatzailea zenbateraino dan kapaz idea hori gauzatzeko eta erantzun ona lortzeko, zer ahalmen dauen jarduera ekonomikoa eta enplegua eragiteko, ia badakarren barrikuntzarik, zenbateraino emoten dauen aukerea proposamenak Bilboko beste gune edo auzo batzuetara eroateko...

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu