Publikoari zabalduko deutsie Feroz Sarien galea

Bizkaie! 2019-01-07 08:16   Zinemea

Hilaren 19ko ekitaldirako sarrerak hamar euroan ipini ditue salgai.

'El Reino'-k hamar izendapen ditu | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako zinemearen eta telebistearen inguruko Feroz Sariak Bilbora helduko dira aurten: Irabazleen barri emoteko galea urtarrilaren 19an egingo dabe, Bilbao Arenan. Bilbotarrek, eta nahi daben zale guztiek, ekitaldi horretan egoteko aukerea izango dabe, 1.400 sarrera publikoarentzat salgai dagoz eta, 10 euroko prezioan. Aurreko edizinoetan, hautagaiak eta konbidaduak baino ez dira egon ikusleen artean, beraz, Bilbon lehenengo aldiz egongo da publiko orokorra Feroz galea bertatik bertara ikusten.

Ingrid García-Jonsson aurkezleak gidatuta, hilaren 19an, gaueko 22:00etan hasiko da galea. Bertan egon gura dauenak, sariketearen webgune ofizialean erosi leikez sarrerak (hemen).

Barriemoile Zinematografikoen Alkarteak (AICE) 2014tik antolatzen ditu Feroz Sariak. Talde horretan dagoz telebistan, irratian, prentsan eta interneten zinemeari buruzko informazinoa emoten daben 200 kazetari eta kritikari baino gehiago. Orain, Feroz Sariek Bilboko Udalaren babesa eta L’Oréal Professionnel eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntzinoa dabe.

Aurten, film dramatikorik onenaren Feroz Sariko hautagaiak El reino (10), Quién te cantará (8), Todos lo saben (6), Petra (5), Carmen y Lola (4) eta Viaje al cuarto de una madre (4) dira. Komediako filmik onenaren atalean dagoz Campeones, lau saritarako hautagai izanik, Casi 40, Mi querida Cofradía, Superlópez eta Tiempo después.

Telesailetan nabarmentzekoak dira Arde Madrid zazpi hautagaitzagaz, gero El día de mañana bostegaz, Paquita Salas eta Vergüenza launagaz, Fariña hirugaz, La peste (2), Élite, Gigantes, Mira lo que has hecho eta Vis a vis.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu