'Green Book', 'Bohemian Rhapsody' eta 'Roma' nagusi Urrezko Globoetan

Bizkaie! 2019-01-07 08:24   Zinemea

Lady Gagaren A Star Is Born filmak bost izendapen izan arren, bakarra irabazi dau.

Rami Malek, Fredy Mercury-ren papelean, 'Bohemian Rhapsody' filman | Ikusi handiago | Argazki originala

Green Book pelikulea izan da irabazle nagusia, hiru sarigaz, goizaldean emon dituen Urrezko Globoetan.

Bohemian Rhapsody eta Roma filmek bina garaikur irabazi ditue.

A Star Is Born filmari jagokonez, bost izendapen eta faborito nagusietakoa izan arren, bakarra irabazi dau.

Green Book filmak ondoko sariak irabazi ditu: komedia edo musikal onenaren saria, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria (Mahershala Ali) eta gidoi onenarena (Nick Vallelonga, Brian Currie eta Peter Farrelly).

Bohemian Rhapsody, Queen taldeari eta Freddy Mercury-ri buruzko filmak drama alorreko pelikula onenaren saria irabazi dau eta Rami Malek aktoreak, ostera, gizonezko aktore onenarena Freddy Mercury-rena egindako lanagaitik.

Roma pelikuleak atzerriko film onenaren saria eta zuzendari onenarena (Alfonso Cuaron mexikarra) eskuratu ditu.

Emakumezko aktore onenaren arloan, Glenn Close izan da guztien artean onena The Wife pelikulan egindako lanagaitik.

Izendapen gehien zituan Vice lanak (sei izendapen), ostera, komedia edo musikalen alorreko gizonezko aktore onenaren sailean nagusitu da (Christian Bale).

Emakumeei jagokenez, Olivia Colman aktorea izan da irabazlea komedia edo musikalen alorreko aktoreen artean La favorita filmagaitik.

Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sailean, barriz, Regina King izan da guztien artean onena (If Beale Street Could Talk).

Abesti onenaren saria Lady Gaga, Mark Ronson, Anthony Rossomando eta Andrew Wyattek idatzitako Shallow kantuarentzat izan da (A Star Is Born) eta animazinoko pelikula onenaren saria, ostera, Spider-Man: Into the Spider-Verse pelikulearentzat.

Azkenik, soinu banda onenaren saria Justin Horowitzek lortu dau (First Man).


Telebista alorreko irabazleen zerrendea:

Drama onenaren saria: The Americans.

Komedia edo musikal onenaren saria: El método Kominsky.

Telesail mugatu edo telebistarako egindako film onenaren saria: American Crime Story: El asesinato de Gianni Versace.

Drama alorreko gizonezko aktore onenaren saria: Richard Madden (Bodyguard).

Drama alorreko emakumezko aktore onenaren saria: Sandra Oh (Killing Eve).

Komedia edo musikalen alorreko emakumezko aktore onenaren saria: Rachel Brosnahan (La maravillos Sra. Maisel).

Komedia edo musikalen alorreko gizonezko aktore onenaren saria: Michael Douglas (El método Kominsky).

Telesail mugatu edo telebistarako egindako pelikulako emakumezko aktore onenaren saria: Patricia Arquette (Fuga en Dannemora).

Telesail mugatu edo telebistarako egindako pelikulako gizonezko aktore onenaren saria: Darren Criss (American Crime Story: El asesinato de Gianni Versace).

Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria: Ben Whishaw (A Very English Scandal).

Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria: Patricia Clarkson (Heridas abiertas).

Cecil B. DeMille saria: Jeff Bridges.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu